Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna ospatuko dute igandean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 19a, 16:10

Urriaren 16an aurkeztu zuten Buruntzaldeko Ibilbideen Egunaren aurtengo edizioa, Elizatze plazan. Argazkia: Txema Valles.

Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta, Usurbil eta Aginaga arteko bideak ezagutzeko aukera izango da hilaren 25ean. Koronabirusaren pandemia dela eta, zenbait moldaketa egin dituzte antolatzaileek, besteak beste, online parte hartzeko aukera ematea. 

Hamahirugarrenez ospatuko dute Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna datorren igandean. Jarduera fisikoa sustatu eta eskualdeko paisaiak ezagutaraztea xede duen ekimena 8:00etatik 14:00etara luzatuko da. Parte hartzaileek natura nahiz kultura aldetik interesgarriak diren lekuak biltzen dituzten bost ibilbide dituzte aukeran:

- Andoain-Lasarte-Oria: Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. 7,9 kilometroko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Andoain-Urnieta: 4,8 kilometroko luzera du, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Andoain-Usurbil: Andatzatik barrena. 14,9 kilometroko luzera du, oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Lasarte-Oria-Urnieta: 3,9 kilometroko luzera du, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga: 9 kilometroko luzera du. Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da. 

COVID-19aren pandemia dela eta, zenbait egokitzapen egin dituzte pilaketak eta gune arriskutsuak saihesteko, eta halaber, aurten ez da kontrol nahiz anoa punturik izango. Horrez gain, online edizioa delakoa ere osatzeko aukera ere izango da. Hala, https://kirolak.buruntzaldea.eus webguneko galdetegia bete eta urriaren 25ean ibilbide bat osatzen duten guztiei opari bana emango diete. Navi Ruta app-aren bidez ibilbideei buruzko informazioa eskura daiteke.