COVID-19

841 kutsatu berri atzeman dituzte EAEn; erdia baino gehiago, Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 17a, 15:07

Egoerak okerrera egin du azken egunetan, bereziki, Gipuzkoan. Koronabirusaren zabaltzea gelditzeko asmoz, datorren astean indarrean sartuko diren neurriak hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. 

Ostiralean, 10.867 PCR proba egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan eta horietatik 841 positiboak izan ziren. Kutsatu berrien erdia baino gehiago Gipuzkoan atzeman zituzten, zehazki 430, orain arteko kopuru altuena. Bizkaian, berriz, 321;  Araban, 84; eta gainerako zortziak  EAEtik kanpo bizi diren pertsoneak dira. Ospitaleen egoerari dagokionean, COVID-19ak eragindako 58 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta, 51 gaixo daude ZIUn.

Koronabirusaren hedatzean sortutako egoerari aurre egiteko Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholkularitza kontseiluak bilera egin du eguerdian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuela. Eusko Jaurlaritzak pertsonen mugikortasuna mugatzeko neurriak aldatu ditu, "birusaen hedapena geldiarazteko segurtasuna bermatzeko". Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak ezagutarazi ditu erabakiak bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan.

  • Talde bilerak, arlo pribatu nahiz publikoan, gehienez, sei lagunekoak izango dira (orain arte 10 ziren).
  • Edukiera % 50era mugatuko da ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultur ekitaldietan, elizkizunetan eta igogailu publikoetan.
  • Ezingo dira parkeak, haur parkeak eta lorategiak 23:00etatik aurrera erabili.
  • Ostalariek gauerdian itxi beharko dute.
  • Txoko eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatu dute.
  • Federatuak ez diren kirol lehiaketak bertan behera utzi dituzte.

Datorren astean indarrean sartuko dira neurriok, aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak agindua berretsi eta aldizkari ofizialean argitaratu beharko dute. Edonola, sailburuak ez du baztertu COVID-19ak bereziki kolpatutako udalerrietan neurri zorrotzagoak hartzea.