KORRIKA

2022. urtera atzeratu dute 22. Korrika

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 19:03

AEK-k iragarri du Korrikaren 22. edizioa datorren urtera atzeratzea erabaki duela, COVID-19ak eragindako egoera tarteko. "Erabaki latza Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu", adierazi du. Korrikazaleak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera animatu dituzte.

Korrika atzeratzea ez da erabaki samurra izan AEKrentzat. Pandemiaren transmisioa "ahalik eta gehien" murrizte aldera egingo dute ekimena 2022. urtean, horrek ekonomikoki AEKren euskaltegien lanari bultzada hori ez ematea ekarriko badu ere. "Atzerapenak hutsunea sortuko du, baina Korrika horren garrantzitsua izanik, hobe da baldintza hobe batzuetan egin ahal izatea; ez dugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi".

AEK-k azpimarratu du "kalea, bizia eta mugimendua" behar dituela Korrikak, eta hori Euskal Herri osoko kaleetara ateratzen diren milaka pertsonek ematen diotela. "Denbora gehiago" hartu nahi dute antolatzaileek, ikusteko Normaltasun berria nondik nora joango den eta etorkizuna "hobeki" ezagutzeko. "Ondo bidean, guztiok desiratzen dugun Korrika ospatuko dugu 2022. urteko udaberrian".

Bien bitartean, "Korrikazale" guztiak animatzen ditu AEK-k aurtengo Euskaraldian parte hartzera, ahobizi edo belarriprest izanez. 

Inbertsioak areagotzea, "beharrezkoa"

Korrika atzeratzea erabaki izanagatik "kolpe ekonomiko handia" jasoko du AEK-k. "Korrikaren sorreratik azpimarratu izan dugun bezala, ezinbestekoa da helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian".

 

Erlazionatuak

Korrika 21, 1. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 12 Euskara

21 Korrika (2. zatia)

Txintxarri Aldizkaria 2019 api 12 Euskara

Korrika 21 (4. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 12 Euskara

Korrika 21 (5. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 12 Euskara

21. Korrika (furgonetatik)

Adrian Garcia 2019 api 12 Euskara