"Bero-beroa" behar zuen asteburu honek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 16:00

Asteburu berezia behar zuen urriaren 17 eta 18koak Lasarte-Orian. Okendo plazan batu eta euskararen festa handia ospatu behar zuten lasarte-oriatarrek, baina COVID-19ak eragindako egoera dela eta, datorren urtean ospatuko da X. Euskararen Maratoia

Txintxarri
Ate joka dagoen asteburuak, asteburu ederra behar zuen Lasarte-Orian. Lau urte zain egon ostean, X. Euskararen Maratoia ospatzeko asmoa zuten lasarte-oriatarrek pandemia iritsi aurretik, baina, koronabirusak, asmo eta gogo guztiak zapuztu ditu. Hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, aurtengo euskararen festa handia datorren urtera atzeratzeko erabaki hartu dute antolatzaileek. Aurtengoa, Sentitu, pentsatu, ekin!  antolatzen hasiak ziren ordea, baina, egindako lanak ez dira alperrikakoak izan; datorren urterako bidea zabaldu baita dagoeneko.

Orain arte, bederatzi
Orain 34 urte ekin zioten udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak Euskararen Maratoia antolatzeari. 1986. urteko 40 ordu baietz! izan zen lehenengoa; urriaren 25 eta 26a zen, larunbat eta igandea eta Joxe Mari Agirretxek, Bixente Beltranek, Mailu Arrutik, Jexux Izetak, Agus Mujikak, Anabel Izagirrek, Natxo Izetak eta Jon Iñaki Elexpuruk osatu zuten zortzikotea.

Bi urte geroago etorri zen bigarrena: Baietz 40 ordu berriz. 1988ko maiatzaren 7 eta 8an egin zuten orduko maratoia, eta urte horretan ere  zortzikote berak errepikatu zuen oholtza gainean. Lau urte beranduago iritsi zen hirugarrena. 40 ordu? Errex!  lelopean bildu ziren lasarte-oriatarrak 1992. urtean, Okendo plazan. Azaroaren 7 eta 8an egin zuten orduan maratoia, eta  ordura arteko zortzikoteko zenbait kide mantendu baziren ere, berriak batu ziren: Iñaki Petxarroman, Nekane Lartzabal, Aitor Atxega, Ixabel Bereziartua eta Pepi Arsuaga.

40 ordu gogoz! izan zen laugarrena. 1996ko urriaren  26an eta 27an ospatu zuten, eta Tximua irratiaren bidez, zuzenean eman zuten asteburuko ekitaldia.

Bosgarrenean eguraldi txarra
2000. urteko urriaren 21eta 22an egin zuten V. Euskararen Maratoia, baina eguraldiak ez zuen batere lagundu eta, horrek erabat baldintzatu zuen asteburu horretako ekintza; aurreikuspenak aldatu behar izan zituzten. Euriteen ondorioz, zenbait ekintza Michelingo frontoira lekualdatu behar izan zituzten, eta haurrentzako antolatutako lehenengo herri bazkaria, kamioi baten trailerrean egin zuten. 2004. urtekoan, berriz, herriko artisauek, eskulanen postuak jarri eta saldu zituzten. VI. Euskararen Maratoia izan zen ordukoa eta urriaren 23an eta 24an ospatu zen.  

2008. urteko VII.  Euskararen Maratoiak ere izan zuen bereizgarririk. Urte horretako euskararen festarako bi oholtza muntatu zituzten antolatzaileek; bat aldagela gisa erabili zuten, eta, bestea, berriz, jendaurreko ekintzetarako. Horrez gain, lehenengo aldiz, karpa erraldoi baten barruan bildu ziren maratoiko parte hartzaile guztiak.
Lau urte geroago, 2012. urteko VIII. Maratoian haurren ongietorria izan zer berrikuntzetako bat. Horrela 2008. eta 2012. urte artean jaiotako txikiei egin zieten harrera.

Duela lau urtekoa, azkena
Lasarte-oriatarrek bizitu duten azken maratoia 2016. urtekoa izan da. Irten armairutik bederatzigarrena izan zen, eta bertan agertu ziren, lehen aldiz Ahobizi eta Belarriprest figurak. Aurten ezinezkoa izan da, baina ea datorren urtean hamar atzamarrak mugituz dantzatzen dugun elkarrekin; sentituz, pentsatuz eta ekinez!