Lasarte-Oriako entitateak prest daude Euskaraldian aritzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 10:40

Lasarte-Oriako 56 entitate batu dira Euskaraldira

Euskaraz lasai aritzeko gunea da Arigunea. Euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen da uneoro arigunean. Bi eratakoak izan daitezke ariguneak: Barne arigunea: entitate baten baitan ohiko dinamika duten kideek (lankideek…) osatzen duten taldeak dira eta modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostu dute. Kanpo arigunea: entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek (dendariak…) osatzen dute eta beraiekin herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea izango dute.

 

Parte hartuko duten Lasarte-Oriako entitate batzuen testigantzak:

Carretero liburu-denda
Aurtengo Euskaraldian entitateek ere parte hartu zezaketela jakin bezain laster izena eman zuen Sasoeta auzoko San Martzial plazan dagoen Carretero liburu-dendak. Julen Izagirre usurbildarrak artatzen ditu egunero-egunero atetik sartzen diren bezeroak, duela 35 urtetik. Hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa honetan hondar aletxoa jarri nahi du.

Telesonic
"Telesonic, egun on". Oriako Zirkuitu ibilbideko poligonoetan dagoen Telesonic enpresara deitzen dutenekin lehen hitza euskaraz egiten dute langileek. Lantokiko giroa, oro har, euskalduna dela adierazi du Maider Artolak. Oinarri batzuk honezkero finkatuta izanda ere, Euskaraldian parte hartzea erabaki du Telesonic enpresak, zenbait arigune sortuz, euskararen erabilerari "beste bultzadatxo bat" emateko.

Xumela korua
"Arigune natural bat gara gu, 2006tik, jaio ginenetik, euskaraz jardutea izan baita gure helburu nagusia", adierazi du Xumela koruko kide Joxe Mari Agirretxek. Euskara sustatzen lanean jarraitzeko "abagune ederra" da Euskaraldia koruarentzat. 70 bat kide aritzen dira kantuan gaur egun, 'ahobizi' edo 'belarriprest' izan. 

Acha-Orbea farmazia
Acha-Orbea farmaziara hurbildu garenean, Hipodromo Etorbidea 6 zenbakira, bezero-ilara batekin topo egin dugu. Beti egon ohi dira farmaziak topera, eta bizitzen ari garen garaiotan, zer esanik ez. Acha-Orbeako langileek Euskaraldiaren berri izan eta berehala erabaki zuten izena ematea eta ariguneak sortzea.  "Euskaraz arreta ematea lotzen dugu goxotasunarekin eta hurbiltasunarekin".

HHI-EPA Lasarte
Azaro erdialderako motorrak berotzen ari dira HHI-EPA zentroko irakasle eta ikasleak. Kontatu digutenez, zenbait arigune saretu dituzte. Urratsak egiten ari dira euskarak gero eta presentzia gehiago izan dezan euren jardunean; klaustroak eta formazio-saioak, esate baterako, hizkuntza horretan egiten dituzte. Zentroko Urteko Plangintza ontzen ari dira. Hizkuntzen atalean Euskaraldian egingo duten ariketa sartuko dute.

Setalde Group
Marketing saileko Aitorrek eta Albak harrera egin diote Txintxarri-ri, Setalde Group enpresaren Oria etorbideko egoitzan. 50 parte-hartzaile inguru izango dituen bost barne-arigune eta kanpo-arigune bat saretu dituzte Euskaraldian parte hartzeko. Barne- zein kanpo-harremanetan euskaraz aritzea are gehiago sustatuko dute, eta bestelako urratsak ere egingo dituzte. Esate baterako, buletinak euskaraz bidaltzea. 

 

Euskaraldiarekin bat egin duten entitateen zerrenda:

ACHA-ORBEA FARMAZIA | MUNTTERI AEK | ALDIKA PRODUCTOS SELECTOS  | ALDIKAR AUTOAK | ANDREJOAKINAENEA HAURRESKOLA | BANCO SABADELL | BANKOA | BBVA | BERASATEGI KAFEAK | BIKAIN DISEINU GRAFIKOA  | BOROBIL ARKITEKTURA | BURUNTZALDEA IKT | BURUNZPE GURASO ELKARTEA | CAIXABANK | CARRETERO LIBURUDENDA | CEI SERVICIO DE PREVENCION | DIGITAL MOBILES | DINBI BANDA BATUKADA TALDEA | EPA LASARTE | ERKETZ DANTZA TALDEA | FACTORY LOGISTICA | ANA GIZONEZKOEN ILEAPAINDEGIA | IBAIONDO FISIOTERAPIA ZENTROA | INTZA K.E. | JEMA ENERGY | KUKUKA ANTZERKI ETA DANTZA ESKOLA | KUTXABANK | LABEGOXO | LABORAL KUTXA | LANDABERRI GARAIKOETXEA GURASOEN ELKARTEA | LANDABERRI IKASTOLA | LASARTE ALDAZ HORTZ KLINIKA | IRAKURLE TXOKOA | UDAL EUSKALTEGIA | LASARTE-ORIAKO UDALA | BERRITZEGUNEA | TXISTULARIAK | MAITE ERKIZIA ILEAPAINDEGIA  | RAKEL MASAJE ARETOA | MAYA LENTZERIA | MULTIOPTICAS | NOAOA BIDAIAK | OKELA HARATEGIA | ORBELA EKO-DENDA | ORIARTE BHI | ORUE FARMAZIA | OSTADAR S.K.T. | PIKABEA ASEGURU ARTEKARITZA | RURAL KUTXA | SALTOGELA PSIKOMOTRIZITATEA | SASOETA-ZUMABURU HI | SETALDE GROUP  | SORGIN JAIAK | TELESONIC  | TTAKUN KULTUR ELKARTEA | TTIRRIKI TTARRAKA MUSIKA ESKOLA | URBISTONDO FARMAZIA | URRUZOLA MERTZERIA | XIRIMIRI ELKARTEA | XUMELA | ZABALETA AUZOLAN