Ostadar SKTko futbol taldeek 2020-2021 denboraldia hasiko dute

Nerea Eizagirre 2020ko urr. 16a, 10:10
Gorengoen Erregional taldeko zenbait jokalari, Axularren aurkako lagunartekoan. Arg.: Txema Valles.

Futboleko baloia Michelingo Kirol Guneko zelaian biraka hasiko da ofizialki Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako partidan, larunbatean

Pixkanaka-pixkanaka normaltasunera iristeko pausoak ematen ari da futbol ez profesionala. Denboraldia martxan jarriko da eta Ostadar SKTko lau futbol taldek Ligari hasiera emango diote, horietako bik atsedena izango dute lehen jardunaldian, Gorengoen Erregional eta Jubenilen Ohorezko mailako taldeak. Hurrengo asteetan talde gehiagok ekingo diote lehiari. COVID-19ari aurre egiteko neurriez gain, lehiaketa sisteman aldaketak izango dituzte guztiek.

Iraila erdian aldean hasi zituzten entrenamenduak futbol taldeek eta etenaren ostean, gogotsu daude guztiak lehian hasteko.

Alberto Callá Emakumeen Ohorezko Erregional taldeko entrenatzaileak onartu duen bezala, "eten luze honen ostean, bai jokalariak, baita nik ere, gogoekin ekingo diogu lehiaketari". 

Aurten jokalari aldaketa handirik ez da izan taldean. "Jokalari bat joan da eta hiru berri dauzkagu, gehienak kadete taldetik igotakoak". Horrek denboraldi-aurrea eta entrenatzailearen lana erraztu ditu.

Tamalez ez dute entrenamenduetan ikasitakoa pratikan jartzeko aukera askorik izan, bi lagunarteko jokatu nahi zituzten Hernaniren aurka, baina bakarra jokatu ahal izan dute, Hernaniko taldean COVID-19 kasu bat eman delako. Duela bi aste jokatutako partidan, talde urdin-beltza nagusi izan zen, 0-3.

Hala eta guztiz ere, denboraldi-aurrearen irakurketa ona egiten du Erregionalen entrenatzaileak eta aldaketaz beteta dagoen Liga honi aurre egiteko prest daudela onartu du, "beti ere, jokatzen bada".

COVID-19ak eragindako aldaketaz gain, aurtengo Ligak lehiaketa sistema aldatuko duela azaldu digu Callák. Bi fase ezberdinek osatuko dute denboraldia. "Lehena igoera fasea izango da eta bigarrena, jaitsiera". 

Lehen fasean, joan eta etorriko liga bat jokatuko dute bi multzotan banatuta. Ostean, bi multzoetako lehen hiru sailkatuek euren arteko ligaxka jokatuko dute eta lehen sailkatuak igoera zuzena lortuko du. Bigarren taldeak, ordea, Araba Eta Bizkaiako taldeen aurka jokatu beharko dute mailara igotzeko. Gainerako taldeek, Gipuzkoako kopa eta jaitsiera jokatuko dute.

Beraz, helburua lehen sailkatuen artean egotea izango litzateke. "Aurreko denboraldian etena baino lehen taularen erdialdean geratu ginen, baina orain gorago egotea espero dugu".

Bide horretan Urnieta izango da lehen arerioa Emakumeen Ohorezko Erregional taldeak. Hitzordua larunbatean, 15:30ean da, Michelingo Kirol gunean.  "Ongi egitea espero dugu," adierazi du Callák 

Denboraldi gogorra

Kadeteen Ohorezko mailako gazteak, berriz, Beasainen emango diote hasiera aurtengo Ligari.

Partida zaila iragarri du Koke Arzallus entrenatzaileak. "Zelai zaila da, gurea baino txikiagoa eta belar irregularar du. Gainera, taldea ere ona du, estutzen duen horietakoa. Borrokatu beharko dugu partida aurrera atera eta puntuak lortzeko".

"Ziurgabetasunez beteriko denboraldi-aurrea izan da. Neurriak jarraitu beharrak zaildu du eta denbora gutxi izan dugu taldea osatu eta indartzeko," azaldu digu kadete ohorezkoaren entrenatzaileak. 

Lau lagunarteko jokatu dituzte, "partida zailak izan dira" eta taldeak oraindik teknikoki, taktikoki eta fisikoki asko egiteko duela azpimarratu du prestatzaileak. "Sei hilabete jokatu gabe egon ostean, lana dago egiteko. Hilabete batean prest egotea espero dugu. Lehen atseden jardunaldira arte, ahal dugun bezala egingo dugu aurre".

Denboraldi gogorra iragarri du, COVID-19aren eraginarengatik. "Ez dakigu denboraldi osoa jokatu ahalko dugun. Ziurgabetasun handia dago. Egoerara moldatu beharko gara. Gauzak egun batetik bestera aldatu ahalko dira. Gazteei esaten diedan bezala, partida bakoitza final bat izango da". 

Lehiaketa sistema ere aldatuko da. "Orain hiru multzo gara eta bitan banatu dute denboraldia: Igoera eta Gipuzkoako kopa", azaldu du. Gainera, bederatzi talde jaitsiko dira zuzenean.

Atsedena

Gorengoen Erregionala eta Jubenilen Ohorezko mailako taldeek astebete itxaron beharko dute liga hasteko.

Denboraldi-aurrea "ezohikoa" izan dela azpimarratu du Raul Rodriguezek. "Kostata hasi ginen". Bi lagunarteko jolastu ahal izan ditu taldeak Zarautz eta Axularren aurka. Azkena asteburu honetan eta Rodriguezen taldea 3-2 gailendu zen.

Taldearen bloke nagusia mantendu egin dau aurten. "Ez da ia jokalari aldaketarik izan. Bi jokalari itzuli dira taldera, Iñigo Gonzalez eta Andoni Sanchez, eta jubenil mailatik beste bat igo da, Yeray Mendibe".

Talde "ona" duela eta "gauza politak egin ahalko dituela" azpimarratu du Gorengo Erregionaleko prestatzaileak. Horri esker, goiko postuan egoteko aukerak dituztela aipatu du.

Baina horretarako, lan egin beharko dutela ere nabarmendu du: "Pausoz pauso aurre egin beharko diegu arerioei".

Atsedenaldia dute aste honetan. Ez datorkio ongi taldeari. "Hurrengo asteburuan, gure arerioak Ligako partida jokatua izango du", baina alde ona ere atera dio Gorengoen Erregionaleko entrenatzaileak. "Normalean bi multzo izaten dira gure Ligan; aurten, ordea, hiru multzoz osatua dago eta beste multzoko taldeak izango ditugu aurkari eta gutxi dakigu euren jokoari buruz. Beraz, asteburu honetan talde horiek ikusteko aukera izango dut".

Lagunartekoa

Antxon Navarrok zuzentzen duen Jubenilen Ohorezko taldeak ere atsedena du. Baina lagunartekoa jokatzeko baliatuko du taldeak. "Euskal Ligako Jubenil mailako Zarautzen aurka jokatuko dugu", jakitera eman du Ohorezko Jubenilen prestatzaileak.

Izan ere, taldeak ez du ohiko prestakuntza izan. "Ohikoa baino hilabete beranduago hasi gara lanean eta hori nabari da". 

Talde polita duela aitortu du: "19 jokalari ditut eta horietatik azken urteko 13 jokalari ditut. Oinarria sendoa da beraz". 

Horregatik, sailkapenean ahal den gorenean egoteko borrokatuko direla aitortu du.

Bestalde, aurten sistema aldaketa dela eta, denboraldi gogorra izango dela iragarri du. "Hiru multzo osatu dituzte eta multzo bakoitzeko lehenek igoera jokatuko dute. Gainerakoek jaitsiera faseari aurre egin beharko diote. Ez dugu horretan pentsatu nahi, gu lehen postuetan egon nahi dugulako, baina bederatzi talde izango dira aurten mailaz jaitsiko direnak".