Asier Pozo Notario: "Europako txapelketan lehen postuetan egotea zaila da"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 10:45
Asier Pozo txirrindularia erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketan lehian. Arg.: Buruntzazpi Txirrindularitza Eskola

Futbolean eman zituen lehen pausoak Asier Pozo Notario (Lasarte-Oria, 2002) gazteak. Baina txirrindularitza probatu eta gustuko zuenez, pausoz pauso bere bidea egin du Buruntzazpi txirrindularitza eskolan. Garaipen ugari lortu ditu eta aurten Gipuzkoako pistako zein errepideko erlojuaren aurkako txapela jantzi ditu. Azken hilabetean batetik bestera ibili da errepide zein pistako Espainiako txapelketa eta pistako Europako txapelketan parte hartzen. Urriaren 24an Legorretan jokatuko den taldekako erlojupeko txapelketan jantziko du Buruntzazpiko maillota azkeneko aldiz

Txapelketaz txapelketa ibili zara azken hilabetean. Azkena Europako txapelketa izan da. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso esperientzia ona izan da. Estatuko selekzioarekin horrelako lehiaketa garrantzitsu batera joan ahal izatea eta hain maila handia duten beste txirrindulariekin lehiatu ahal izatea esperientzia polita da.

Pistako denboraldia urtarrilean amaitu zenuen, Gipuzkoako txapeldun izan ostean. Bai Espainiako txapelketa, baita Europako txapelketa ere apirilean eta uztailean ziren jokatzekoak, hurrenez hurren. Baina iraila eta urrian jokatu dira. Nola prestatu dituzu probak?

Ez da ohiko prestaketa izan. Ezberdina izan da. Tafallako Espainiako txapelketa prestatzeko Euskadiko selekzioarekin entrenamendu batzuk izan genituen Belodromoko pistan eta Europako txapelketa prestatzeko egonaldi pare bat egin ditugu Valentzian.

Gutxi egon naiz belodromoan eta ezin izan ditut ongi prestatu probak. Hala ere, Euskadikoarekin domina lortu genuen.

Zortzigarren postua lortu zenuten Europako txapelketan. Espero al zenuten?

Bai, espero genuen. Maila handia dago horrelako txapelketa batean eta lehen postuetan egotea zaila da.

Espainiako txapelketan, berriz, zilarrezko domina eskuratu zenuten. Sailkapenetan lehen denbora lortu zenuten, baina ezin izan zenuten Valentziako Erkidegoko taldea garaitu finalean.

Pena handia da. Urrezko domina eskura genuen eta ezin izan genuen Valentziaren aurka. Sentsazioak ere ez ziren oso onak izan.

Bi txapelketetan taldekako jazarpen proban parte hartu duzu. Zure probarik gogokoena da?

Pistan gehien gustuko dudan probetako bat da eta hobekien moldatzen naizena. Indarra beharrez gain, alde teknikoa ere badu eta.

Errepideari dagokionez, aurten ez da denboraldi erraza izan.

Itxialdia baino lehen hiru lasterketa izan genituen eta gero etena etorri zen. Uztailean hasi ginen berriro. Denboraldi motzagoa izan da, lasterketa gutxiagorekin eta data aldaketak ere izan dira.

Erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketa izan zen hitzordu horietako bat. Garaile izan zinen segundo bateko tartearekin.

Bai, garaipen estua izan zen. Lehen hirurak hiru segundotan iritsi ginen. 

Ez nuen espero irabaztea, baina banekien ongi zetorkidan proba zela eta ongi atera zen. Irabazi nuen. 

Txapelketak data aldaketa eta ibilbide aldaketa izan zuen; ez zen erraza izango prestatzea.

Nik berez proba hori ez nuen egin behar ez zegoelako Gipuzkoako sailkapeneko proben artean. Baina parte hartuko nuela baieztatu zidatenean, bagenekien Alegian izango zela eta aurreko astean proba prestatzeko aukera izan nuen. Horregatik ibilbidea ez zen oztopo izan.

Errepideko Espainiako txapelketan ere lehiatu zara aurten Euskadiko selekzioarekin. 

130 kilometro izan ziren. Ez zen luzea egin, ez baitzegoen mendate gogorrik. Nire taldekideak eta ni txapelketa buru egon ahal izan ginen. Ongi joan zen. 
Esperientzia ere ona izan zen.  Espainia mailan primerako txirrindulariak daude eta euren aurka lehiatzea sona ematen dizu.

Hilabete honetan, junior mailako azken probak jokatuko dituzu eta hurrengo urtean 23 urtez azpiko mailan lehiatuko zara. Taldez aldatuko zara, beraz...

Erlojuaren aurkako taldekako Gipuzkoako txapelketa izango da nire azken proba junior bezala eta hurrengo urtean, taldez aldatuko dut. Buruntzazpi utzi eta Debabarrena taldean hasiko naiz lehian. 

23 urtez azpikotik profesionaletara jauzia eman nahiko zenuke?

Profesional mailara iristea gustatuko litzaidake, baina oraintxe unibertsitatean hasi naiz eta ea nola doan guztia. Ez dakit esfortzu handia egin beharko dudan biak bateratzeko. 

Baina nire asmoa txirrindularitzan jarraitzea da eta ahal bada profesional mailara iristea.

Pista eta errepidea uztartzen saiatuko zara?

Bai, pista eta errepidean jarraitzeko asmoa dut. Bietan moldatzen naiz ongi eta biekin jarraituko dut.

Profesional mailara iritsiz gero, errepide egingo nuke nagusiki. Baina aukera izango banu, pista ere egingo nuke.

Pistako teknika baliagarria da errepideko lasterketetarako?

Bai, pistako erritmoa zorrotza da eta errepidean ongi dator abiadura hori izatea. Pistako esprintak gainera, errepidekoak baino azkarragoak dira eta horrek zirrara sortzen du.

Gainera, neguan errepideko lasterketarik egon ezean, ongi dator pista egitea forma eta teknika mantentzeko.

Animatuko al zenituzke gaztetxoak txirrindularitza probatzera?

Bai, noski. Ni futbolean hasi nintzen, baina futbolean  aritzeko jende asko zegoen; txirrindularitzan gutxi batzuk. Probatu nuen, gustuko izan nuen. Horregatik, gaztetxoek zein kirol erabakitzeko dudetan badaude, kirol ezberdinak probatzera eta batez ere, txirrindularitza probatzera animatu nahiko nituzke.