Gazteklubak ikasturte berriari ekingo dio datorren ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 08:55

Izena eman edota informazio gehiago eskatzeko 'https://labur.eus/gzk2021' helbidea jarri dute interesatuen eskura 

Irailean eta urrian, Gazteklubeko saioei itxura ematen aritu dira Ttakun Kultur Elkarteko arduradunak, eta lan horiek amaituta, datorren astean ekingo diote ikasturte berriari; urriaren 23an izango da lehen saioa. Programa hori LH3-4-5 eta 6ko haurrei zuzenduta dago, eta doakoa da.  

Aisialdiko jardueretan oinarritzen da, eta helburu nagusia adin horietako haurren artean euskararen erabilera sustatzea da, aisialdiaren izaera ludikoa eta urteetan zehar bereganatzen joan den gero eta garrantzia handiagoa aintzat hartuz.

Aisialdiaren garrantzia 
Gazteklubeko arduradunen azaldu dutenez, aisialdia "oso garrantzitsua" da pertsonen garapen-aukerak zabaltzeko, eta hori lortzeko, programazio egokia diseinatu du kultur elkarteak, "Gure erronka nagusia ongizatea eta gogobetetasuna sortuko dituen eta, aldi berean, haurrei hainbat arlotako helburuak lortzeko aukera emango dien programazioa diseinatzea izango da; horrela, arrakastaren eta gozatzeko gaitasunaren pertzepzioa handitzea. Azken batean, hazkunde pertsonalerako aukera oso garrantzitsua da".

COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, ekintzak taldeka egingo dituztela iragarri dute, beti ere, indarrean dauden osasun-neurri guztiak errespetatuz. 2012tik 2009ra bitartean jaiotako haurrek ostiraletako jardueretan parte hartu ahal izango dute, 17:30etik 19:30era, eta hilean behin larunbatetan ere antolatuko dira. Izen-ematearen arabera  espazio desberdinak erabiliko dira.