Solaskide programan parte hartzeko izen ematea zabalik dago

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 08:51

Ttakun Kultur Elkarteak, Muntteri AEK-k, Udal Euskaltegiak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Solaskide programan izena emateko azken eguna urriaren 30a izango da. Lasarte-Oriako Udala da programaren babeslea. Informazio gehiago nahi duenak, 'kultura@ttakun.eus' helbidera idatzi dezake. 

Urte mordoa dira lasarte-oriatarrek Solaskide programan parte hartzen dutela. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten herritarrak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzeko programa da Solaskide. Horrela, euskara hobetzeko, gehiagotan erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, normalizazioaren alde egiteko, ingurune euskalduna sortzeko, indartzeko eta zabaltzeko... Parte-hartzaile bakoitzak bere helburuen arabera parte hartzen du egitasmoan, baina denek ala denek, helburu bakar batekin: euskaraz hauspotzea.

Horretarako, talde txikietan elkartu eta kafe baten aitzakiarekin, edota herrian barrena paseotxo atsegin bat emanaz, euskaraz komunikatzeko hitzorduak zehazten dituzte. Ordubete inguruko saioak izaten dira, beti, noski, egunerokoan euskaraz hitz egiten dutenak –Bidelagunak– eta euskaraz egiteko hainbesteko ohiturarik ez dutenak, –Bidelariak– elkartuz. 

Parte hartzeko baldintza 
Baldintza bakar bat baino ez dute bete behar programan parte hartu nahi duten solaskideek: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila bat edukitzea.  Hori ziurtatuta, eskuorriak bete behar dituzte, eta Ttakun Kultur Elkarteko postontzian entregatu. Eskuorri horiek, herriko puntu ezberdinetan jarri dituzte antolatzaileek herritarren eskura, hala nola, udal euskaltegian, Muntteri AEKn, Manuel Lekuona kultur etxean eta udaleko Euskara zerbitzuan.

Ttakun Kultur Elkarteko Solaskide programaren dinamizatzaile Xabier Matxainek, herritarrak animatu ditu egitasmoan parte hartzera. Garrantzitsua ikusten du, kasu honetan, euskararen erabileran hutsune dutenek  jarraikortasuna emateak, hizkuntzaren erabilera galdu ez dadin: "Gauzak egiteari uzten diogunean,  hutsune bat sortzen da eta horri, berriro ere eusten ez badiogu, galtzeko arriskua dago. Hortaz, ezinbestekoa da, niretzat, euskararen bizitzarako hizkuntza praktikatu eta erabiltzea".