Intzako 2. seniorra, garaipenez garaipen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 15a, 14:00
Intzako bikotea Ezker Hormako tapelketako partida batean lehian. Arg.: Txema Valles.

Aste honetan ongi merezitako atsedena hartuko du Intza elkarteko 2. senior mailako bikoteak. Ezker Hormako txapelketako lau jardunaldi jokatu ditu eta lauetan garaipena erdietsi du. Urriaren 10ean, Zazpi Itturriko bikotearen aurka lortu zuten garaipena Michelingo kirol guneko pilotalekuan

Intza eta Zazpi Itturri partidarik galdu gabe iritsi ziren norgehiagokara. Partida gogorra espero zuen Intzako bikoteak eta horrela izan zen; erritmo handia ezarri zioten jokoari lehen momentutik bi bikoteek eta tanto politak egin zituzten. 

Partida hasieran etxeko bikotearen tantoei ongi erantzuten zion Amezketako bikoteak. Baina bosna berdindu ostean, Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak partida puskatu zuten. Pixkanaka partidan nagusitzen joan ziren eta tartea ireki zuten, 21-12.

Partida amaitzear zegoela zirudienean, Zazpi Itturriko bikoteak markagailuan hurbiltzea lortu zuen, sei tanto jarraian eginez. Baina atzelariaren akats batek partidari amaiera eman, 22-18, eta Intzari bi puntuak eman zizkion. Horiei esker, euren multzoko buru doa Intza atsedeneko jardunaldira.

Kadeteak lehian 
Seniorrek atseden duten arren, lehen faseko azken aurreko partida jokatuko beharko lukete  2. mailako bikoteek. Intza 1 bikotearen partida, ordea, bertan behera geratu da Aloña Mendiko bikoteko kide bat berrogeialdian dagoelako.

Intza 2 bikoteak Hernani 1 bikotea izango du arerio, bihar, Michelingo kirol guneko pilotalekuan.