Errepresioa salatu du Ernai Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 10a, 10:09

Aste honetan egindako atxiloketen harira, Ernai Lasarte-Oriak errepresioaren aurkako elkarretaratzea egin zuen ostiral arratsaldean Okendo plazan.

50 bat lagun batu ziren atzo iluntzean "Aski da! Errepresiorik ez" zioen pankartaren atzean. Astelehenean Guardia Zibilak ETAren zulo batekin lotuta hiru lagun atxilotu izana salatzeko deitu dute elkarretaratzea. Isilik igaro dituzte ekintzak iraun dituen hogei minutuak, eta amaieran, hitza hartu dute deitzaileek. Jardueraren zergatiak azaltzeaz gain, datorren asteburuan burutuko duten elkartasun ekimenaren berri ere eman dute. Datorren asteburuan, hilak 16-18, Jabier Gallaga, Aitzol Iriondo eta Ibon Fernandez Iradi herritarrak preso dauden kartzeletara joateko autobusak antolatzen ari dira.

Ostiralean, 19:00etan irtengo da Cordobara autobusa eta larunbatean 20:00ak inguruan bueltatu. Orduan, lekukoa emango diete igandean 7:00etan Lannemezanera (Frantzia) bidean joango direnei. Hauek itzultzean -17:00ak aldera izatea aurreikusi dute- ,  ekintzan parte hartu dutenak Xirimiri elkartean bilduko dira bizitakoa partekatzeko. Izena emateko zerrendak Ilargi, Artizar eta Jalgi tabernetan egongo dira eskuragarri asteazkena arte.