Iraia Iparragirre: "Lehen postuetan mantentzea ez da lan erraza izango"

Nerea Eizagirre 2020ko urr. 10a, 09:00
Iraia Iparragirre, Euskal Herriko kopako finalean lehian. Arg.: Real Sociedad.

Igandean emango dio hasiera Real Sociedad taldeak Iberdrola Ligari. Uztail bukaeran hasi zuen denboraldi-aurrea taldeak eta bi hilabeteko prestaketen ostean, Deportivo Abanca izango du aurrean. Aldaketa ugari izan dira taldean eta lagunarteko gutxi jokatzeko aukera izan baditu ere, Euskal Herriko Kopa irabazi du taldeak. Horrez gain, Ligan ere hainbat aldaketa izan dira. Horri guztiari buruzko solasaldia izan dugu Iraia Iparragirre Argandoña (Lasarte-Oria, 1995) jokalariarekin.

Zer moduz joan da denboraldi-aurrea?

Entrenamendua egiteko aukerak izan ditugu eta entrenatzaileak zehaztutako helburuak lantzen saiatu gara, baina aurkako kanpo faktore bat izan dugu. Egoera dela-eta, lagunarteko gutxi jokatu ditugu eta azkenean guk partidak jokatzen jakiten dugu zein mailatan gauden, entrenamenduetan gero hobetzen joateko. 

Entrenatu dugu, gustura entrenatu dugu, gauzak landu ditugu, baina lehiatzeko aukera gutxi izan dugu eta horrek denboraldi-aurrea zaildu du.

Taldea asko berritu da eta entrenatzaile aldaketa ere izan duzue. 

Oso gustura gaude. Taldera pertsona berriak etortzen direnean, gauza berriak ekartzen dituzte.

Entrenatzaileen aldaketari dagokionez, pertsona berri bat etorri da eta futbola ikusteko beste modu bat du. Hori erakusten saiatzen ari da entrenatzailea.

Azkenean prozesu luzea da. Lehiarik egon ezean, zuk entrenatu ahal duzu, ongi ikusi zaitezke, baina partidek erakusten dute zein maila ematen duzun eta hori ikusita hobetzen saiatu.

Baina oraindik guk ez dugu denboraldia hasi eta bertan ikusiko da nola gauden eta gerora, zer dugun lantzeko.

Lagunartekoak aipatu dituzu, lau izan dituzue. Nola ikusi duzu taldea norgehiagoka horietan?

Lantzen duzuna, partidetara eramaten duzu eta gauza politak atera zaizkigu, baina oraindik gauza asko ditugu lantzeko zeren eta perfektua izango balitz dena, zertarako ari gara entrenatzen? Baina beti daude gauzak eta sortzen dira akatsak.

Gure kasuan Eibar izan da gure maila bereko talde bakarra. Hor ikusi ahal izan dugu zein talde duten.

Azken partida Alavesen aurka izan da aurreko asteburuan. Zelaiak ez zigun lagundu. Baina egin genituen gauzak ere baliagarriak dira. Etorkizun batean horrelako zer edo zer gertatzen bada nola aurre egin edo nola moldatu ikasi dugu.

Denboraldi-aurre horretan, Euskal Herriko kopa sufrituta eskuratu zenuten Athletic Cluben aurka. Penaltietan erabaki zen irabazlea.

Polita izan zen finala. Futbolak hori dauka. 

Athleticek nire ustez ez zuen erakutsi duen gaitasuna. Egia da jende asko lesionatua zuela. 

Guk gure partida txukun egin genuen, baina partida bat irabazteko golak egin behar dira; aukerak izan genituen eta ez genuen golik sartu. Horrek baldintzatu zuen partida, penaltietara iritsi arte.  

Polita izan da aurten berriro ere Euskal Herriko Kopa irabaztea.

Guk landutako gauzak ateratzeko aukera izan genuen eta partida txukuna egin genuela ikusi zen.

Iberdrola Liga hasi zen lehengo asteburuan. Iragarri baino hilabete beranduago hasi da. Nola eraman duzue atzerapen hori?

Ezegonkortasun horrek, ez jakitea noiz hasiko zaren, egoera arraro batera eramaten zaitu. Zeren badituzu zure helburuak lortu edo landu nahi dituzunak. Baina lehiak esaten dizu non zauden eta azkenean denboraldi-aurrea hainbeste atzeratzeak ere oso luze egin du.

Gauzei alde ona atera behar zaie eta behintzat hasi da liga. Ez dela gutxi. Denboraldi-aurrean ginen galdezka, 'Noiz hasiko da?, Hasiko gara?'. Azkenean hilabete beranduago, baina hasi gara. Lehengo jardunaldia aurrera eraman ahal izan da, guk ez; baina orokorrean aurrera eraman da ez dela gutxi.

Zuek ez, aipatu duzu. Real Sociedad-Rayo Vallecano partida atzeratu da, Rayok denboraldi-aurrea besteak baino beranduago hasi zuelako. Nola egin diozue aurre horri?

Zure ligako beste gainerako taldeek lehia hasi dutela dakizunean eta zuk partida jokatu ezin duzula ikusteak, 'beste partida bat itxaron behar dugu', esaten duzu. 

Baina ez ginen behintzat asteburu osoa egon jolastu gabe eta beti ateratzen dira gauza positiboak. Azkenean entrenatzeko aste bat gehiago ere izan dugu eta aprobetxatzen saiatu gara ahalik eta gehienen.

Ondorioz, Deportivo Abancaren aurka hasiko duzue Liga. Nolako partida aurreikusten duzue?
Ez da partida erraza izango. Talde txukuna dute. Azkar jokatzen dute eta horrek adi egotera behartuko gaitu. Haiek lehiatu dute Ligako lehen partida; guk ez. 

Guk landu ditugun gauza txukun horiek partidara eramaten baditugu eta dakigun bezala jolastu, nik uste dut min egiteko aukera dugula. Partida lehiatua izango dela uste dut. Eurek dituzten abilezia guztiei gure jokoa ongi eginaz aurre egiten badiogu ea garaipena lortzen dugun eta lehen hiru puntuak etxera ekartzea lortzen dugun.

Seigarren postuan amaitu zuen liga Real Sociedad aurreko denboraldia. Aurten zein da helburua?

Beti daukazu helburu handi bat,  lehen postu horietan mantentzea. 

Aurten aldaketa asko egon dira, jokalari aldaketa eta beste talde indartsu bat sartu da, Real Madril.

Lehen helburua da hasierako partida hauek txukun egitea da eta goiko postuetan hastea. Gerora begira bertan mantendu ahal izateko. Hori ez zen gutxi izango.

Baina partida asko egongo dira astean zehar jokatuko direnak, denbora berreskuratzeko prozesu horretan. 

Astean zehar jokatu beharreko partida horiek eragina izango dute, ezta? 

Taldearen arabera, zein lesio dauden, hainbeste partida hain denbora gutxian jolastuta… Guk ez dugu hori askotan bizi izan. 

Asteburuan jolastu, asteazkenean jolastu… Hori urtean zehar momentu zehatz batzuetan emango da eta horrek baldintzatuko du taldearen egoera fisikoa. Denboraldi-aurre ona egin baduzu, horrek emango dizu aukera fisikoki mantentzeko hainbeste partida dauden denboraldi honetan. 

Behintzat ez lesionatzea, taldea indartsu mantentzea… Lehen postuetan mantentzea ez da lan erraza izango, baina helburua hori izango litzateke.

Bartzelona eta Atletico Madrid izango lirateke talde indartsuenak...

Bai eta Real Madrid. Real Madrid aurten sortu den taldea da. Baina kalitate handiko jokalariak ditu eta goiko postuetan egoteko borrokatuko dira ziurrenik. 

Bartzelona, Atletico Madrid, Real Madrid... Levantek ere talde txukuna dauka. 

Ikusiko da, edozer gerta daiteke… Argi dago ezingo garela erlaxatu zeren eta gauzak momentu oro aldatu baitaitezke.

Aurten gainera bi talde berri gehiago daude, tartean Eibar.

Pozgarria da gero eta euskal talde gehiago egotea. Ni behintzat pozten nau. Hain leku txikian, Euskal Herria bezalako leku txiki batean gero eta talde gehiago gaude lehen mailan eta polita da. Bai euskal derbia deitzen zaiolako, baita bertako jendea gertukoa delako ere. Beti izan da polita hori.

Tamalez, oraingoz ez da ikuslerik izango harmailetan.

Pena handia da. Ikusleen berotasuna asko eskertzen da; animo horiek entzutea. Honek eraman du jarraitzaileek sare sozialetan beste era batera haien berotasuna ematea. Baina ez da berdina. Zelaian fisikoki animatze horrek ematen digun plus hori ez sentitzea, niri tristura handia ematen dit.

Eta hor ikusi da, partida batzuetan ikusleak sartzen utzi dituzte, baina protokolo zorrotza jarraitu behar da. Harmaila bakoitzeko x pertsona sar daitezke eta Zubietan bakarra dugu. Horrek ikusleak etortzeko aukera gutxitzen du. Tristea da baina egoera deseroso honetan ahal dena egiten ari dira eta pazientzia izan beharko dugu zentzu honetan ere.

Ahalko balitz Anoeta da aukera bat. Baina ezin da egon beti eskatu eta eskatu. Lehenengo gure balioa erakutsi behar dugu. Pauso txikiek emango dute bere fruitua eta aurten ere Anoetan partida politak jokatzeko aukera izatea.

COVID-19ak bestelako eraginak izango ditu aurtengo Ligan. Esate baterako, Ligaren %50 jokatzen ez bada, lehiaketa baliagabetuko da. 

Dena airean dago. Hori edozein momentutan alda daiteke. Izan ere, orain PCRak egitea ez baita derrigorrezkoa partida jokatu ahal izateko. COVID-19 egoeraren bat ematen bada, talderen batek positiboak dituela, Federazioak ez du zehazki esan nola egingo zaion aurre edo partida hori atzeratuko den. Dena kolokan dago.

Eta esate baterako, Erreginaren kopan ere aldaketak egongo direla uste dut. Talde guztiek jokatzen dute normalean, baina aurten lehen itzulian ikusiko da lehen zortzi taldeak zeintzuk diren eta horiek jokatuko dutela kopa.

Aurten pixkanaka joan beharko gara Liga eta lehiaketen garapena zein den ikusten.

COVID-az aparte, Iberdrola eta Reto Iberdrola Ligak kudeatzeko batzorde berria sortu da.

Hori egin dute gu ez garelako profesionalak, gizonen antzera. Ekonomikoki gurea ez da mutilen ligaren antzekoa. Ligan gauden taldeak ere ezberdinak gara, egoera ezberdina bizi dugu ekonomikoki hitz eginda. Horrelako momentutan zer egin zehazteko egin da.

Ligaren atzerapenak ere hori du atzean. Protokoloak PCRak derrigorrezkoak izatea zioen, baina talde guztiek ez dute hori egiteko ahalmena, Espainiako Federazioa ere hor egon zen dirua jarri edo ez… Oraintxe linbo batean gaude. Hurrengo urtean Gobernuak gure liga profesionalizatu nahi duela esan du-eta.

Berri ona da hori emakumeen futbolerako.

Bai, Gobernua sartzen bada gauzak hobetu eta arautuko ditu. Profesionalizazioari esker egoera okerragoan dauden taldeek aukerak izango dituzte. Gehiago eskatu zaie ere.

Ekonomikoki ere aldatuko da, guregatik apustu egingo dutela uste dut eta emakumeen futbola egoera duin batera eramateko bidean izango garela.

COVID-19 garaia baino lehen egondako boom-ari esker, emakumezkoen futbolak gorakada handia jaso du. Hainbeste borroka eta gero, lan hitzarmena sinatzea lortu genuen. Pauso txiki oso handiak lortzen ari garela esaten dut nik. Eta horretan jarraitu behar dugu. Ez gara geldi geratuko eta ez gara konformatuko lan duin bat lortu arte. Azkenean futbola gure lana eta bizitza da, %100 eskaintzen diogu futbolari.