URRIKO OHIKO UDALBATZARRA

Mamia, galdera eta erreguetan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko urr. 9a, 18:01
Udal korporazioko kideak, puntuetako bat bozkatzen. Argazkia: Txema Valles.

Gai ordena laburra izateak ez du esan nahi plenoa ere horrelakoa izango denik. Urriko saioa, ordea, motza izan da, ordu erdi ingurukoa. Galdera eta erreguen txanda izan da mamitsuena, aurretik zeuden puntuak azkar batean onartu eta gero.

Saioan ez dira udal korporazioa osatzen duten hamazazpi kideak egon; Agustin Valdivia alkateak eta Estitxu Alkorta zinegotzi jeltzaleak ez dute joaterik izan.

Galdera eta erreguetara iritsi aurretik, ondoko puntu hauek onartu ditu udalbatzarrak: Ogasun batzordearen eta Kontuen Batzorde Bereziaren lehendakaritzaren ordezkaritzaren kontu-ematea; PSE-EEko zinegotzien liberazioak aldatzea –hiru liberazio eta erditik laura pasako dira; Iñigo Zabaleta zinegotziak hartuko du azken hori–; eta udaleko ondasun eta eskubideen 2019ko inbentarioan egindako aldaketak. 

Atsobakar, pertsonala, lurrazpiko edukiontziak...

Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiko bozeramaile David Aresek hartu du hitza. Udal Gobernuari galdetu dio ea zein jarrera duen Atsobakarreko egoitzan berriki egin dituzten protesten inguruan. Erresidentzia kudeatzea bere eskumenetatik kanpo dagoen arren, ea zerbait egiteko asmorik duen.

Jon Antxordokik (EAJ-PNV) iradokizun eta galdera bana egin ditu. Beharrezko ikusten du udalbatzarren jarduna gaur egungo egoerara, zinegotziak euren etxeetara baldin badoaz jakiteko saioak nola egingo diren. "Neurriak hartu behar dira". Udaletxeko langileen inguruan ere galdetu du, eta gai hori dagokion batzordean jorratzea eskatu. "Badirudi Gizarte Zerbitzuetako langile batek postua utziko duela, eta asko kezkatzen gaitu horrek, lan-karga handia baitago alor horretan".

EH Bilduren esku-hartzea Uxue Loinaz eta Jon Martinen artean banatu dute. Udal zerbitzu eta instalazioei heldu die Loinazek, zenbait herritarrek alderdiari adierazitako kezkak mahai gainean jarriz. "Zailtasunak dituzte tramiteak egiteko, kirol instalazioak erreserbatzeko... Ez zaie behar bezainbeste informazio eman". Udal Gobernuari galdetu dio ea zein den bere asmoa horri dagokionez, COVID-19ak eragindako egoerak "luze" joko duelako. Lurpeko zaborrontzien gaiari buruz ere jardun da zinegotzia, galdetuz ea herri-kontsultarako aurreikustako epeak mantenduko diren ala ez, eta herrian %60ko birziklapen-tasa izatera iristeko neurriak hartuko dituen Udal Gobernuak.

Martinek Lasarte-Oriako Osasun Zentroa eta Atsobakar egoitza izan ditu hizpide. EH Bilduk kexak jaso ditu anbulategiaren lehen arreta zerbitzuaren kalitate jaitsierari dagokionez. Alderdi abertzaleak Udal Gobernuari eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin biltzea, zerbitzua aztertu eta "hobetzeko aukerak" baloratzeko. Atsobakarri dagokionez, "arduratuta" dago EH Bildu, izan du erresidentziako beharginen protesten berri, eta Domusviren –enpresa horrek kudeatzen du Atsobakar– ibilbideaz ere bai. "Argi dago langileen bizkar etekin ekonomikoak besterik ez dituela bilatzen". Bere aginpideko afera ez den arren, alderdi abertzaleak uste du Udal Gobernuak esku hartu behar duela. 

Galderei erantzuten

PSE-EE taldeko zinegotzi Lourdes Acevedok erantzun ditu alderdien galderak –berak gidatu du udalbatzarra, alkateak ezin izan baitu joan–, baina ez du ordena jarraitu. Atsobakarren bueltan jardun da gehienbat, beste gai batzuk ere hizpide izan dituen arren. Esate baterako, udal instalazio eta zerbitzuen kontua. Adierazi du pandemiaren eraginez "prekarioa" dela herritarrak jasotzen ari diren arreta; Udal Gobernua aztertzen ari da aukera aldez aurreko hitzorduak progresiboki kendu eta udal zerbitzuak pixkanaka irekitzea. Batzordea datorren astean egingo dutela aurreratu du.

EAJren iradokizunari erantzunez, Acevedok zehaztu du alkateak egoera baloratu duela teknikariarekin, eta hasi direla aztertzen plenoak nola antolatu zinegotziak etxera baldin badoaz. Gizarte Zerbitzuen batzordea hilabetea amaitu aurretik egingo dute eta hor aztertuko dute lanuztearen gaia.

Atsobakar egoitzari dagokionez, PSE-EEko zinegotziak irakurri du irailaren 28an erresidentziako arduradun bati bidalitako WhatsApp mezu bat, bertako pertsonal murrizketagatik "kezka" adieraziz. Pandemia hasi zenetik egoitzara materiala eraman dutela esan du, eta astero desinfektatzen duela Atsobakar udalak kontratatutako talde batek. 2011-2015 legealdiko plenoetako aktak irakurtzea eskatu dio EH Bilduri. Alderdi abertzalea zegoen orduan Udal Gobernuan. "Kritika egiten zidaten; Atsobakar gaindimentsionatuta zegoela esaten zidaten". Alderdi guztiei eskatu die gai hori garrantzitsutzat hartzeko "beti", eta ez erabiltzeko interes partidisten arabera.

"Atsobakar kudeatzen duen instituzioaren parte da PSE-EE; ardurak hartzeko garaia da, ez baloiak kanpora botatzekoa", erantzun dio Martinek. "Lokatzetara eraman nahi gaituzu, eta ez gara zure jokoan sartuko". Acevedok esan du berak ere ez duela hori nahi.

Udalaren birziklapen-tasari buruz David Mateos zinegotzi sozialistak hitz egin du, aurreratuz lasarte-oriatarrak kontzientziatzeko kanpaina bat martxan jarriko duela udalak urriaren 19an, astelehenarekin.