Lasarte-Oriako Udalak 500.000 euroko partida bat sartuko du 2021eko aurrekontuetan, parte-hartze bidez jasotako proiektuak egiteko. Egitasmoak aurkeztu ahalko dituzte lasarte-oriatarrek urriaren 12tik 26ra, udal erregistroan edo participacion@lasarte-oria.eus helbidera bidalita, Partehartze zinegotzi Nagore Duranek azaldu duenez. Azpimarratu du bosgarren urtez gauzatuko dutela egitasmoa; parte hartzera animatu ditu herritar guztiak. "Ea iazko parte-hartze kopurua edo are hobea lortzen dugun".
Proiektuek baldintza batzuk bete beharko dituzte: herriari zuzenduta egotea; udalaren eskumenekoa izatea; 2021ean gauzatzeko modukoa izatea; "zehatza, xehea eta ekonomikoki ebaluagarria" izatea eta gehienez 500.000 euroko kostua izatea; ingurumenean "inpaktu positiboa" izatea edo behintzat negatiboa ez; eta genero, arraza, adin eta abarretan diskriminatzailea ez izatea. Duranek zehaztu du ez zaiela laguntzarik emango udaletik diru laguntzak jasotzen dituzten entitateei.
Herritarrek memoria bat aurkeztu beharko dute proposamenekin batera. Txosten horrek jaso beharko du egitasmoaren izenburua, nork aurkeztu duen eta berarekin harremanetan jartzeko bidea, deskribapena, pertsona onuradunak nortzuk liratekeen, eta gutxi gorabeherako aurrekontua, besteak beste.
Lasarte-oriatarrek aurkeztutako egitasmo guztiak gauzatuko dira, onartuak badira eta 500.000 euroko kostua baino gutxiago badute
Bigarren fasea
Urriaren 27tik azaroaren 6ra jasotako proposamenak baloratuko ditu Balioespen eta Esleipen batzordeak. Hori osatuko dute Ogasun batzordeko kideek eta udaleko teknikari batzuek: kontu-hartzaileak, idazkariak, Hirigintza saileko teknikariak eta herritarren Partehartze saileko teknikariak.
Onartutako proposamen guztiak batuta, kostua 500.000 eurokoa baino txikiagoa bada, guztiak gauzatuko dira. Handiagoa izanez gero, beste fase bat abiatuko dute: herri-kontsultarena. Lasarte-oriatarrek udal eraikinetan kokatuta dauden postontzietan utzi beharko dituzte iritziak, edo udalaren webgunean, Herritarren partehartzea atalean. Babesik handiena jasotzen duen egitasmoak 50 puntu eskuratuko ditu; besteak proportzionalki puntuatuko dituzte, botoen ehunekoen arabera. Balorazio eta Esleipen batzordeak puntuazio-zerrendak argitaratuko ditu, proiektuak handienetik txikienera ordenatuz.
Informazio gehiago udalaren web orrialdean