Prestaketa motza eta jokalari aldaketa ugari izan arren, ederki gailendu da Ostadarreko senior taldea, 60-30.
TAKE Tolosako taldeak gauzak beti zailtzen omen dizkio Ander Otaegi entrenatzailearen hitzetan, baina oraingoan Ostadar gailendu zen nahiz eta lehen minutuetan asko kosta zitzaien jokoan sartzea. "Ez genuen asmatzen zonakako defentsa erasotzen eta defentsan ez ginen haien jaurtiketetara iristen".
Joko aldaketa egin eta goitik presionatzen hasi zen taldea, baloiak lapurtu eta kontraerasoak egiten 17-5 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdenak berdin jarraitu zuen. Tolosako taldeak ezin zuen talde urdin-beltzaren presioa gainditu eta baloi asko lapurtu zituen. "Eraso estatikoan gehiago kostatzen zitzaigun, baina markagailua puskatzea lortu genuen. Atsedenaldira 33-12 iritsi ginen".
Hirugarren laurdena erabakigarria izan zen, 50-22. Tolosarrek zortzi jokalari bakarrik zituzten jolasteko prest eta nekea nabaritu zuten. Ostadarrek, aldiz, 12 jokalari izanda, errotazio luzea egin eta erritmo altua mantendu zuen.
Azken laurdenean partida erabakita zegoen. Erritmoa mantsotu zen eta saskiratze gutxi ikusi ziren, azken 60-30era iritsi arte.
Jokalari dantza
Ostadar SKTko senior taldeko entrenatzaile Ander Otaegiren hitzetan, "hasiera ona izan da,".
Baina lan asko daukate aurretik. "Orduak falta zaizkigu eta asteak aurrera joan ahala, entrenamendu eta partidekin hobetzen joango gara".
Irailaren 9an, asteazkenarekin, hasi zen entrenatzen senior taldea. "Lau asteko denboraldi -aurre motza izan dugu. Sei entrenamendu eta bi lagunarteko jokatuk ditugu, hori izan da aurrez egindako guztia. Gauza gutxi".
Gainera, taldeak jokalari aldaketa ugari izan ditu. Alicia Jimenez 1. maila nazionalean dagoen Hondarribira joan da; Laura Gutierrezek eta Itxaso Ariztimuñok utzi dute; Olatz Bardaji, Elene Arruti eta Denis Lopez junior jokalariak mailaz igo dira; Haizea del Olmo Eramus joan zen eta itzuli da, baina orain Uxue Anabitarte da urtarrilera arte kanpoan egongo dena. Horri guztiari, Yaiza Navarroren itzulera gehitu behar zaio. "Urtebete lesionatuta egon da".
Dantza guztiaren ostean, 13 jokalari izango ditu Otaegik aurten. Horrek deialdiak egitera behartuko du entrenatzailea. "Larunbatean lehen aldiz deialdi bat egin behar izan nuen eta jokalari bat kanpo utzi," azaldu du Ostadarreko prestatzaileak.
Horrez gain, aurtengo denboraldian COVID-19ak ere eragina izango duela argi du entrenatzaileak eta partidaz partida joan beharko dira ikusten. "Ea egoera honetan normal jolasteko aukera dagoen.Aste honetan, COVID-19a dela-eta, gure ligako partida bat bertan behera geratu da".
Lehenen artean
Hala ere, senior taldea lehen postuetan egotea espero du Otaegik. "Printzipioz aurrean ibili behar gara, urtero bezala. Luberri, Zarautz, Oiarso eta Mondra taldeekin batera borrokatuko gara. Azken talde hori aurten sartu da ligan. Talde gaztea eta oso ona da. Beraz, lehen bosten artean egon beharko ginateke."
Lehen postuetan ibiliz gero gainera, play-offa jokatuko luke talde urdin-beltzak. "Ligako 12 taldeetatik zortzi sartuko dira play-offean eta bakarra igoko da mailaz. Guztia ongi bidean, hori maiatza aldera erabakiko da".
Horretarako puntuak lortu beharko ditu taldeak. Larunbatean, Goierri AYMA taldea izango du aurrez aurre, Urretxun. "Zubia da, eta jokalari asko faltako zaizkigu. Partida zaila eta gogorra izango da," aurreratu du Ostadarreko entrenatzaileak.
Beste mailak
Senior taldea ez da denboraldiari hasiera eman dion talde bakarra izan. Errendimendu mailako taldeek, kadeteek, zein juniorrek ere lehen partidak jokatu zituzten euren ligetako talde indartsuen aurka. Junior mailako gazteek ezin izan zuten Goierri UZ Baleike garaitu, 61-42. Kadeteek Bera Bera izan zuten aurrez aurre. Donostiako taldea lehen minututik nagusi izan zen eta urdin-beltzek ezin izan zuten ezer egin, 99-21.