Tentsioak eta Bakaikoak Arteaga II.a garaitu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 7a, 10:30
Axier Arteaga, Artega II.a, artxiboko irudian partida jokatzen.

Asteburu zaila izan du Axier Arteaga herritarrak. 1. mailako buruz buruko txapelketatik kanpo geratu da eta ezker eskuko hatzaren haustura bat dela-eta, hiru astez pilotalekuetatik kanpo egongo da. Intza elkarteko seniorrek, berriz, Ezker Hormako txapelketa bikaina egiten ari dira eta hiru partidatik hiru garaitu dituzte

Urriaren 2an, ostiralarekin, Bakaikoaren aurkako partida jokatu zuen Arteaga II.ak, Etxarri-Aranatzen. Irabazleak 1. mailako buruz burukoan jokatzeko txartela eskuratuko zuen; galtzaileak, berriz, bigarren mailakoa.

Kanporaketa ez zen Arteaga II.a espero bezala joan. Huts ugari egin zituen herritarrak partidan zehar eta ezin izan zuen bere erritmoa ezarri. Bakaikoak, berriz, tantoak ongi jolastu eta amaiera ederra emateko gai izan zen.

Ondorioz, tartea irekitzen joan zen eta Arteaga II.ak ezin izan zuen ezer egin partidaren patua aldatzeko eta 14-22 gailendu zen pilotari nafarra.

"Tentsio handiarekin irten nintzen kantxara eta ez nuen nire jokorik egin. Bakaikoari ezer kendu gabe. Ni baino gehiago izan zen. Partida txukuna jokatu zuen eta merezimenduz irabazi zuen," onartu du Lasarte-Oriako pilotariak. 

Aurkako emaitzaz gain, beste ustekabeko bat ere eraman zuen Arteaga II.ak partidan, hatz bat hautsi zuen. "Kolpe txarra hartu nuen ezkerreko eskuko hatz batean eta puskatu egin nuen". 

Egun batzuk entrenatu gabe egon beharko du Lasarte-Oriako pilotariak eta bigarren mailako txapelketako parte-hartzea ez da ziurra. Hala ere, baikor agertzen da herritarra. "Esan didate hiru aste beharko dituela ondo sendatzeko. Nahiko justu ibiliko naiz, baina bigarren mailako buruz buruko txapelketarako iristea espero dut". 

Txapelketa horretan paper txukuna egiten eta ahalik eta urrutien iristen saiatuko da Arteaga II.a. "Baina egoera ezegonkorra da eta espero jokatu ahal izatea," atxiki du pilotariak.

Garaipenaren bidea

Intza senior bikoteak Ezker horman egiten ari den lehiaketa bestelakoa da, ordea. Hiru jardunalditik hiru irabazi dituzte. Oraingoan Legazpiren aurka lortu zuen garaipena Jon Pello Artetxek eta Asier Elolak osatutako bikoteak, 17-22.

Partida zaila zuten aurretik Intzako pilotariek, baina ederki egin zioten aurre.

2. kadete mailan, berriz, bestelakoa izan zen egoera. Bikote gazteek ezin izan zituzten arerioak garaitu. 

Intza 1 bikoteak Michelingo kirol gunean jokatu zuen Oiarpe 2ren aurka. Oiartzungo bikotea Haritza Diaz de Gereñu eta Jokin Lizaso bikoteari nagusitu zitzaion, 8-22.

Etxetik gertu jokatu zuen Intza 2 bikoteak, Añorgan. Beñat  Olazabal eta Pedro Elosegik Intza 1 bikotearen zorte bera jasan zuen, 22-10.

Jose Felix Solano Intzako prestatzailearen hitzetan, kadeteen emaitzek ez dute bi partidetan egon zen berdintasuna erakusten. "Partida borrokatuak izan dira biak, baina Oiartzungo eta Añorgako bikoteek ziurtasun gehiago izan dute piloteoan eta ondorioz, tantoak lortzen joan dira". 

Asteburu honetan, kadeteek atsedena izango dute eta seniorrek bakarrik izango dute partida. Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak Zazpi Itturriko bikotea izango du aurrez aurre, larunbatean, Michelingo kirol guneko pilotalekuan.