Auto istripua gertatu da N-1 errepidean, Lasarte-Oria parean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 6a, 19:50
Furgoneta batek talka egin du kamioi baten atzealdearekin 17:15 inguruan, N-1 errepidean. Argazkia: Txema Valles.

Furgoneta batek talka egin du trailer kamioi baten atzealdearekin gaur arratsaldean N-1 errepidean, Madrilerako noranzkoan, Lasarte-Oria parean. Zauri larriekin ospitalera eraman dute furgoneta gidatzen ari zen pertsona.

Ezbeharra 17:15ean gertatu da. Istripua gertatu den gunea baino zertxobait aurrerago auto-ilarak zeuden, eta horrek eragin du furgoneta eta trailerraren arteko talka, kamioia gidatzen ari zen pertsonak azaldu duenez. "Ziur aski despistatu egin da eta kamioiaren atzealdea jo du furgonetako gidariak, ez gindoazen abiadura azkarrean eta". 

Zauri larriak ditu furgoneta gidatzen ari zen pertsonak, eta ospitalera eraman dute. Istripuak utzitako hondakinak eta gasoil aztarnak garbitu dituzte suhiltzaileek eta ertzainek, eta bi ibilgailuak ere erretiratu dituzte. Lanak amaitu bitartean errei bat moztuta eduki dute.