'BETERRI SARETUZ'

Erronka berriez hausnartuko dute eskualdeko hainbat enpresa eta eragilek ostegunean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 6a, 11:17
Otsailaren 13an egin zuten bigarren jardunaldia. Argazkia: Beterri Saretuz.

'Beterri Saretuz' programaren baitan, hirugarren jardunaldian parte hartuko dute Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragilek urriaren 8an, ostegunarekin, 09:30etik 12:30era Hernaniko Biteri kultur etxean. COVID-19ari nola aurre egin dioten aztertuko dute, eta etorkizunera begira ikusten dituzten erronkez hitz egin. 

"Parte-hartzean oinarritutako enpresen ekosistema bat" sortzeko helburuz abiatu zuten Beterri Saretuz programa eskualdeko hainbat enpresa eta eragilek iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beterri-Buruntzako udalen laguntzarekin. Pasa dira hilabete batzuk ordutik, eta zenbait urrats egin dituzte bidean: 2019ko azaroaren 7an Orona-Ideon elkartu ziren esperientziak ezagutarazteko; aurten, otsailaren 13an, tailer batzuk egin zituzten, parte-hartzea bultzatzeko gakoak identifikatzeko.

Hirugarren jardunaldia ostegun honetan egingo dute, urriak 8, Hernaniko Biteri kultur etxean, 09:30etik 12:30era. Saioaren aurreneko zatian egitasmoa hasi zenetik hona egindako lana aurkeztuko dute gida formatuan. "Hainbat balio eraldatzaile eta ideietan oinarritutako materiala" sortu dute, "parte-hartzea sustatzeko lagungarri izan daitekeelakoan eta egindako lanaren aitortza gisa". 

Azken hilabeteetako erronka eta bizipenak

Enpresa horiek COVID-19ari nola aurre egin dioten aztertuko dute jardunaldiaren bigarren zatian. Hartu behar izan dituzten erabakiez eta izandako bizipenez jardungo dira. Pandemiak azalarazitako krisi desberdinei aurre egiteko proiektu parte-hartzaile horrek izan dezakeen baliagarritasunaz ere solastuko dira.