COVID-19

Hamalau positibo erregistratu dituzte Lasarte-Orian urriko lehen asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 5a, 14:56

Urriko aurreneko asteburuko datu epidemiologikoen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Lasarte-Orian hamalau positibo erregistratu dituzte ostiral, larunbat eta igandean. Hilabetea hasi zenetik hamazazpi kutsatzeren berri eman dute gurean.

Goiko grafikan konpara daitezke iraileko eta urriko aurreneko egunetan atzemandako kasu positiboak Lasarte-Orian. Pandemia lehertu zenetik, martxotik, iraila izan da hilabete aktiboena gurean; 146 kutsatzeren berri eman dute. 

Beterri-Buruntza eskualdeko gainontzeko udalerri guztietan ere detektatu dituzte positiboak asteburuan zehar. Herriz herriko datuak hauek dira:

  • Urnietan, hamabi kasu (hiru ostiralean, lau larunbatean eta bost igandean)
  • Astigarragan, sei (hiru ostiralean eta beste hiru igandean)
  • Usurbilen, bost (ostiral eta larunbatean bana, eta hiru igandean)
  • Hernanin, lau (ostiralean bat eta igandean hiru)
  • Andoainen, lau (ostiralean eta igandean bana, eta bi larunbatean)

272 positibo erkidegoan

EAEko hiru lurraldeetan 272 kutsatzeren berri eman du Osakidetzak igandean, bezperan baino 47 gutxiago. Kontuan hartu behar da ere PCR proba dezente gutxiago egin direla egun horretan, 5.366, bezperan baino 3.249 gutxiago.  Proben %5,06 izan dira positiboak.

245 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19a dela eta, horietatik 59 ZIU zainketa intentsiboko unitateetan. R0 edo birusaren birsortze-tasa 0,92koa da. Indize hori 1 baino altuagoa izanez gero, esan nahi du SARS-CoV-2 birusa hedatze fasean dagoela.