Pausoz pauso, herriko ondarean sakontzen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 4a, 18:09

Behemendi Elkarteak antolatutako bisita gidatuan parte hartu dute gaur goizean bederatzi lagunek. Lasarte-Orian barrena, herriko txokoak, eraikinak, horma irudiak eta historia hobe ezagutzeko aukera izan dute. 

Bederatzi lagunek parte har zezaketen eta beste horrenbestek izena eman zuten. Lehen orduetako euriak zalantzak eragin baditu ere, azkenean, ez du inork hutsik egin. Erdigune, topaleku eta hein handi batean herriko bihotza ere baden Okendo plazan elkartu dira 10:30ean. Gida lanetan aritu den Ainhoa Aiertza andoaindarrak nongotarrak ziren galdetu die denak elkartu arteko tartean. Partaide guztiak lasarteoriatarrak ez baziren ere, herriarekin nolabaiteko lotura bazuten; gurasoetako bat bertakoa izatea edo urtetan bertan lan egin izana, adibidez.

Udaletxe berriaren inguruaz hitz egin die lehenik, eta handik, apaizetxera joan dira. Han, besteak beste, bertan zegoen dendara erostera joaten ziren haurrek saltzaileari kanta bat abestu ohi ziotela gogoratu du. Azalpenak osatzeko Lasarte-Oriako Udaleko webgunetik edota Kutxa Fototekatik hartutako informazio nahiz argazkiak erabili dituela argitu du Aiertzak. Pixka bat aurrerago egin, eta San Pedro elizaz aritu da, kalea gurutzatu eta udaletxe zaharraren eraikinaz hitz egin aurretik. Orduan, herritarren arteko solasaldia gailendu zaie gidaren argibideei. Aguazilak bezala, Guardia Zibila bertan egon zen edo ez eztabaidatu du partaideetako batek lanean ari zen Txema Valles kazetariarekin. Ez dira ados jarri, baina gidaren hitzak aberastu dituzte. Handik, Ama Brigitarren komentura joan dira. Armarria, herriko mugak... hizpide izan dituzte.

Muralez mural

Geldialdi horretatik aurrera, puntu beltzak edo galtzear zeuden tokiak berreskuratzeko egindako muralak izan dira paseoaren protagonistak. Beko Errota kalean egindako Lasarte-Oria Multikulturala; Goikaleko Wild eta Kale Nagusiko Begirunez Beteriko Begiradak ikusi ondoren, Zumaburuko Arantzazuko Ama elizaraino joan dira. Aurrez aurre duen horma irudia ikusteaz gain, eliza berezia barrutik ikusteko ere aprobetxatu dute batzuek. Bitartean, hura eraikitzeko lurrak eman zituen Liberto Aizpuruaren inguruan ezagutzak partekatu dituzte, bakoitzak bere bizipenetik edo kontatuta dakiena gehituta. Handik, Tren Txikira. Ponferradan dago egun Plazaolako trena, lasarteoriatarrentzat nahiz andoaindarrentzat berebiziko garrantzia izandakoa. Argibideen ondoren, irudian zer ikusten den azaldu du emakume batek. "Hor Juanito, el herrero zegoen. Arteagatarren etxea, eta Mirentxueneko porteria. Hor jolasten genuen guk". Herriaren eraldaketa bizi eta bere begiekin ikusi duen seinale.

Tunela zeharkatu eta ibilbide zirkularra osatzeko Mirentxu Eneara joan da taldea. Han eraikuntza izan du ardatz Aiertzak eta Ignacio Zuloaga artistak Zumaian egindako etxearen argazkiak erakutsi dizkie. Izan ere, hemengoaren estiloa gustatu, eta antzekoa egin baitzuen. Aldapan behera Euskotren aurrean izan dute azken geltokia. 

Iradokizunak, hobetzeko

Ordu eta erdia azkar pasatu da eta aterkia zabaldu behar izan badute ere, osorik egiteko aukera izan dute. Gidak eskerrak emateaz gain, edozein iradokizun helarazteko ere eskatu die, estreinakoz egin duten ekimena datorren urtean errepikatu nahi baitu Behemendi Elkarteak. 

Buruntza-Beterri eskualdeko herri guztietan egiten ari dira asteotan bisitaldiak. Gaur zortzi Urnietan barrena joango dira, Adarramendi inguruetatik; 12an, berriz, pasa den larunbatean bertan behera utzi behar izan zuten jarduera berreskuratuko dute, Hernaniko trikuharriak  ezagutzeko. Oraingoz azkena, hilaren 18an egingo dute Usurbilgo Urdaiagan.  

Erlazionatuak