Dantza eta alaitasuna ekarri dute pailazoek kultur etxera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 3a, 20:13

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukoteak Bizi dantza ikuskizunaren emanaldia egin du Manuel Lekuona kultur etxean. Udazkeneko kultur agendako lehen ekimenetako bat izan da eta kolorez nahiz pozez bete du egun iluna. 

Koronabirusak eragindako egoera dela eta, segurtasun neurriak ezarri dituzte kultur etxera sartzeko. Horrek ohi baino ilara luzexeagoa sortzea ekarri du. Aurpegi margotuak, ileordeak... agertokian nor ikusiko zuten asmatzen laguntzen zuten zenbait zantzuk ikus zitezkeen sartzeko zain zeudenen artean. Zoruan jarritako markek tartea eta norabidea zehazten zuten, gogoak bultzatuta kosta egin bada ere lagunengandik bereiztea.

Sarrera eskuan zekarten helduek atezainari erakutsi bitartean txikienei eskuak garbitzeko gela eman die beste arduradun batek. Gehienek bazekiten, baina batzuei nola igurtzi esan behar izan diete. Barrura pasata, zegokien solairuan eserlekua bilatu dute. Edukiera murriztua agerikoa zen, eserleku artean hutsik zeuden aulkiak ikusita. Urduritasuna gero eta agerikoagoa zen txiki batzuengan, baina pixka bat gehiago itxaron behar izan dute. Izan ere, argiak itzuli aurretik, segurtasun jarraibide batzuk eman baitizkiete. Porrotxen ahotsean entzun dute musukoa ahoa eta sudurra estalita jarrita eduki behar dutela, bakoitzak bere eserlekuan eserita egon behar duela, "aulkien jolasera etxean jolastuko zarete", eta amaieran nondik irten beharko duten. Horiek esanda, "ondo pasa!" oihuarekin batera hasi da ordubete luze iraun duen ikuskizuna. 

Fabuletan bezala, animalia bilakatu dira hiru pailazoak oraingoan: Porrotx oilarra da, Pirritx, astoa, eta Marimotots katua. Ez dira ikuskizuneko animalia bakarrak, ordea. Besteak beste, asto zurruteroa, plastiko artean arrantzatutako marmoka edo Zubietako behi aldarrikatzailea ere agertokian izan dira dantzan; eta hainbat gaitaz aritzeko hizpide izan dira: feminismoa, ekologia, aniztasuna.... Hori dena, kanta eta umorez jantzita. 

 

 

 

Erlazionatuak

'Bizi dantza' ikuskizuna, kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2020 urr 03 Kultura