COVID-19

Hiru kutsatu berri egiaztatu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 2a, 13:49

Iraila amaitu bezala hasi da urria herrian, eta horiek kontuan hartuta, dozena bat positibo berri egiaztatu dituzte ostegunean Beterri-Buruntza eskualdean, bezperako kopuru bera.

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak COVID-19aren hedapenari buruzko txostena eguneratu du eguerdian. Horren arabera, hiru positibo berri erregistratu zituzten ostegunean Lasarte-Orian. Kopuru hori  orain arteko hilabete txarrena itxi zuen eguneko bera da. Beterri-Buruntza eskualdean ere bere horretan mantendu da egoera: Kutsatu kopurua errepikatu da, baina beste banaketa batekin. Atzo, hiruna positibo izan ziren Andoainen, Hernanin eta Lasarte-Orian; bi, Usurbilen; eta  bana, Astigarragan nahiz Urnietan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 7.946 PCR proba egin zituzen atzo eta haietako 418 positiboak izan ziren. Lurraldeka banatuta, 142 baiztapen egin zituzten Gipuzkoan; 186, Bizkaian; 70, Araban; eta 20 EAEtik kanpo bizi diren herritarrenak dira.

Egun, COVID-19ak eragindako 244 lagun daude erkidegoko ospitaleetan, atzo ospitaleratutako 36 gaixoak gehituta; haietako 56 Zaintza Intentsiboko Unitatean. R0 edo birusaren birsortze-tasa 0,96koa izan da ostegunean.