Ander Bardaji: "Talderik gabe zaudenean kezkaz beteta zaude"

Nerea Eizagirre 2020ko urr. 2a, 13:00
Ander Bardaji, AFE sindikatuak antolatutako egonaldiko entrenamendu batean. Arg.: AFE.

Ander Bardaji futbol atezainak (Lasarte-Oria, 1995) COVID-19az aparte, 2019-2020 denboraldi berezia bizi izan du. Bigarren B mailako Ejea taldearekin egon zen lanean itxialdira arte. Ostean, Huesca taldearekin entrenatu zen eta Lehen Mailarako igoera bizi zuen, bigarrengoz. Orain kontratua amaitu zaio eta ez du talderik. Ahalegin guztiak egiten ari da berriro ere jokatzeko eta horregatik, AFE sindikatuak antolatutako egonaldian izan zen abuztuan. Urte berezi horretaz jardun gara herriko atezainarekin

Itxialdian Huescan egon zinen.
Bai, nik Ejean, Huescaren filialean hasi nuen denboraldia eta bertan Huesca taldeko jokalari talde bat geunden. Ziurgabetasun handia zegoen eta badaezpada taldeak Huescan geratzeko eskatu zigun. 

Bakarrik egon nintzen bertan. Gogorra izan zen, baina ez dut oroitzapen txarrik. Gauza bat edo beste egiten egon nintzen. 

Egunero fisikoki mantentzeko zerbait egiten nuen noski; ahal nuena. Prestatzaileak bidalitako gauzak edo YouTuben ikusitako aerobic edo kardioko bideoak. Ohituta zaude egunero entrenatzera eta ezin duzu geldirik egon.

Itxialdiaren ostean, berriz, Huescarekin entrenatzen hasi zinen. 

Gure liga bertan behera geratu zen. Ejea bigarren B mailako sailkapen erdialdean zegoen. Beraz, jokalarien erdiek atsedena hartu zuten eta filialean ginen Huescako jokalariei Bigarren Mailako taldearekin entrenatzeko esan ziguten, Lehen eta Bigarren Mailako txapelketak jarraipena izango baitzuten. Beharra izango zela ikusi zuten eta liga amaitzera arte Huescarekin egon ginen.

Itzulera arraroa izan zen.  Guztia bat-batean egina zirudien. Lehenengo bakarka entrenatzen genuen zelaian, inongo harremanik gabe; gero talde txikietan, bospasei pertsonako taldeak; azkenik talde osoa. 

Eta denboraldia amaitzean, berriro ere, igoera ospatu zenuen taldearekin.
Bai. Ondo atera zen. Ez da berdina urtea bukatzea entrenatu edo jolastu gabe, etxean itxita... Entrenatzen bukatzea eta gainera, igoera batekin... Beti da polita. Hor bizitzen dena, gutxitan bizitzen da. Nik zortea izan dut, Huescan bi igoera eta Fuenlabradan bat bizi izan ditut. Ezberdina izan da azkenean; jenderik gabe, ospakizun gabe. 

Azken urteetan hiru igoera bizi izan dituzu, talisman antzeko bat zara taldeentzat.

Kar, kar. Broma hori familia eta lagunen artean egiten didate. Azkenean, Huescan egon nintzen lehen urtean igoera lortu genuen eta Fuenlabradan ere lortu genuen. Aurtengoan Huescarekin entrenatzen bukatu dut denboraldia eta igo dira. 

Taldean ere batzuk esaten zuten: "Zu gurekin geratu; talisman bat zara. Egon zaren talde guztiek igoera lortu dute". 

Kontratua amaitu eta talderik gabe geratu zinen. Baina ez zara besoak uztartuta geratu, AFE sindikatuak antolatutako egonaldi baten izan zara abuztuan, Valentzian.

Bai, horrela da. AFE sindikatuak entrenamendua saioak antolatzen ditu talde gabeko jokalarientzat. 

Alde batetik, entrenamendu dinamika ez galtzeko egiten dute. Imajinatu talde batetik deitzen dizutela eta ez duzula entrenatu eta formaz kanpo zaudela. 

Aurten, gainera, are gehiago. Jokalari askok, itxialdiaren ostean, ez dute nik bezainbeste zorte izan eta ez dute denboraldia entrenatzen amaitu. Martxotik baldin bazaude jokatu gabe eta orain irailean deitzen badizu beste talde batek, hastea kosta egiten da eta beti ongi dago zerbait entrenatzea. 

Taldeak saio hauei adi egoten dira hor dauden jokalari guztiak talderik eta kontraturik gabe daudelako. Eskaparate bezala ere balio du.

Nolakoa izan da esperientzia?

Oso ona. Entrenatzaileak goi mailakoak ziren. Aitor Lopez Rekarte zen lehen entrenatzailea eta atezain entrenatzaile Emilio Lopez Fernandez. Haiek profesionalak izan dira eta taldearen antolamendua ere horrelakoa izan da, profesionala. Ez zirudien talderik gabeko jokalarien egonaldia zenik. Nahiz eta berez talde bat ez izan, talde bezala funtzionatu du. 

Dena oso ondo antolatua zegoen: zelaia, hotela, entrenamenduen dinamika... Azkenean, talderik gabe zaudenean kezkaz beteta zaude, 'Nola joango da dena?'. Baina bertan talde bateko futbolista sentitzen zara.

Zein entrenamendu mota egin dituzue?

Denboraldi-aurre bat izango balitz bezala egin dugu lan. Geldi egon eta gero, fisikoa hartzen joan, gauza taktikoak... 

Denak ezezagunak ginen eta talde bezala, gauzak lantzea zaila da. Hamabost egunetarako zoaz eta ezin duzu hutsetik nahi bezain beste landu. Baina behintzat ideia nagusi eta kontzeptu batzuk lortu ditugu.

Partidak ere jokatu dituzue eta bitan titularra izan zara, ezta?

Bai, lau partida jokatu ditugu. Entrenatzeaz aparte, jokatzeko aukera baduzu hobeto. Minutuak jokatzea, entrenamendua da, baina puntu bat gehiago ematen du prestakuntza horretan. 

Bi atezain ginen eta entrenatzaileak banatzea erabaki zuen. Bi partidatan hasieratik egon naiz atean eta beste bitan bigarren zatian sartu naiz. 

AFEren helburua da, jokalariei taldea bilatzea. Orduan, jokalari guztiei minutuak ematen saiatu dira era orekatu batean.

Emilio Lopez atezain entrenatzailearen arabera, Bigarren Mailarako edo Bigarren B mailarako prestatu zaituzte...

Prestakuntza oso ona izan da. Atezain entrenatzaileak, esate baterako, Lehen Mailan, Ingalaterran... Esperientzia ona dauka. Entrenamenduak kalitatezkoak ziren.

Eta entrenatzen jarraitzen duzu?

Oraintxe nire kabuz entrenatzen ari naiz. Plan bat daukat prestatzaile fisiko batek egina eta harekin entrenatzen naiz ere ate azpian. Forma ez galtzeko eta oraindik merkatua irekia dagoenez, edozein momentutan deitzen badidate, ondo joateko.

Zuk non ikusten duzu zure burua?

Bigarren maila zail ikusten dut. Azken urteetan ez ditut hainbeste minutu eduki. Ea Bigarren B mailako talde bat aurkitzea dudan. Hori izango litzateke helburua.

Eskaintzarik ez duzu izan, orduan.

Ez, zain nago. Profesional mailako merkatua uste dut aste honetan ixten dela. Ea aste honetan berririk dudan. 

Kasurik onenean pozik egongo naiz; txarrenean... Ba ez dakit zer egingo dudan. Nahiago dut aurrerago planteatu. Esperantza mantentzen dut.