Argazki lehiaketako saria jaso du Ion Zugasti herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 2a, 12:43

Hiru argazki aurkeztu ditu Lasarte-Oriako argazkilariak udako oporraldien argazki lehiaketara, eta hiru horiek lortu dituzte lehenengo hiru postuak. Saria jaso du

fizio du Ion Zugastik (Lasarte, 1986) argazkilaritza. Kirolarien  atzetik ibili ohi da, uneak izoztu eta argazki sortak osatuz, baina, oraingoan, kirol argazkiak alde batera utzi, eta paisaia ederren  irudiak aurkeztu ditu txintxarri-ren udako oporraldiko argazki lehiaketara.

Herri aldizkariaren sare sozialen bidez jakin zuen lehiaketaren berri, eta parte hartzera animatu zen. Horrela, gustuko hiru argazki aukeratu, eta hirurak jarri ditu lehian: Aske, Frigiliana eta Jaizkibel.

Hasieran, lehiaketara aurkeztu zenean ez zuen espero  lehiaketa irabaztea, baina bozkak emateko egunek aurrera egin ahala, bere argazkiak lehen postuetan ikusteak pentsarazi zion irabazlea izan zitekeela.Lehiaketara aurkeztutako gainerako argazkiengatik galdetuta, azaldu du batzuk besteek baina maila "hobea" zutela: "Maila ezberdinetako argazkiak aurkeztu dira".

Lehenago ere parte hartu izan du argazki lehiaketaren batean, baina lehen aldia da saria eskuratu duena. Gogora ekarri du Bergaran eta Zarautzeko argazki lehiaketetan parte hartu zuela, baina saririk irabazi ez. Oraingoan, berriz, sari ederra eraman du etxera: Aldika enpresaren produktuekin osatutako saskia. Asteazken arratsaldean pasa zen Aldikak Orian duen egoitzatik, eta saskia eskuartean itzuli da etxera, pozik. Produktu asko batu dituzte saskiak; besteak beste, bakailua, kokotxak, olagarroa, ahate-magreta eta gatza.

Familiarekin eta gertukoekin gozatuko du saskiaz Zugastik, horrela jakinarazi dio aldizkariari: "Bizitzen ari garen egoera honekin ezin dugu jende askorekin elkartu, baina familiakoekin eta gertukoekin partekatuko ditut produktuak".

Zorionak, beraz, Ion. Asko asko gozatu dezazuela saskiaz eta mila esker Txintxarri-ren argazki lehiaketan parte hartzeagatik; zuri eta gainerako parte-hartzaile guztiei ere bai. Laster arte!