The Gentlemen filmak emango dio hasiera Okendo Zinema Taldearen zine-forumeko denboraldi berriari. Sarrera, 5,50 euro.
Guy Ritchie zuzendariak Ivan Atkinsonekin eta Marn Daviesekin batera idatzitako lana da. Lock, Stock and Two Smoking Barrels eta Snatch filmeen antzera, zuzendari ingelesek komedia, akzioa eta hilketak nahasten ditu lan berri horretan.
Mickey Pearson (Matthew McConaughey) britainiar estilodun gangster eta kannabis trafikatzaileak erretiroa hartu nahi du. Horretarako milioiak balio dituen bere inperioa salduko du. Baina arerioak salerosketa oztopatzen saiatuko dira. Azpijokoak, eroskeria eta xantaia erabiliko dituzte inperioa bereganatzeko, txinatar eta errusiar mafia ere tartean egongo da.
Horrez gain, Fletcher (Hugh Grant) ikertzaile pribatuak ere xantaia egiten dio. Ikertzaileak pertsonai aberatsen trapu zaharrak saltzen dizkio Big Davek (Eddie Marsan) zuzentzen duen egunkariari eta Pearsonen hainbat azpilanei buruzko informazioa du egunkariarentzat.
The Gentlemen filma jatorrizko hizkuntzan gaztelaniazko azpidatzizkoekin eskainiko da.