Lasarte-Oriako historian sakontzen jarraitzeko hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 1a, 14:30
Maite Iglesias Kultura zinegotzia, Lasarte-Oria aldizkariko arduradun Jesus Marcos eta Agustin Valdivia alkatea hitzarmenaren sinatzean.

Lasarte-Oria aldizkaria kultur elkarteak eta Lasrte-Oriako udalak lankidetza hitzarmena berretsi dute gaur eguerdian. Gure herriari buruzko gai historikoak lantzen ditu aldizkariak

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Jesus Marcos Oyala Lasarte-Oria aldizkaria elkarteko kideak udala eta elkartearen arteko elkarlanari eusteko hitzarmena sinatu dute. Horren bitartez, udalak Lasarte-Oria aldizkaria editatzeko 2.448 euro emango dizkio elkarteari. Aldizkariak 4.080 euroko aurrekontua du.

Alkateak udalak aldizkari honekin duen konpromisoa azpimarratu du agerraldian eta Lasarte-Oria aldizkariak urtean bi zenbaki argitaratuko dituela adierazi du, bakoitza 1.450 alekoa.

Jesus Marcosek azpimarratu bezala, ekainean iritsi zen herritarren etxeetara lehena eta abenduan argitaratuko duten zenbakian lanean ari dira dagoeneko aldizkariko lantaldea.

Honez gain, COVID-19a dela-eta, airean geratu diren bi jarduera ere gogora ekarri ditu aldizkariko ordezkariak: herritarrei irekitako ikerketa edo artikulu historikoen literatur lehiaketa eta udalerriko elkarteen informazioa izango duen formatu digital bat garatu, euren jardueren promozio bide izan dadin.

"Lehiaketaren ideia, gure historian sakontzen lagunduko diguten ikerketa historikoak egin nahi dituen herritarrei zuzendua dago. Udalerriko elkarteen informazioaren digitalizazio, azken urteetan egun dugun urtekarian du oinarri. Baina ez dugu zerbait estatikoa izatea nahi, elkarteek euren jardueren berri emanaz bizia ematea nahi dugu. Aurten bizi izan dugun egoeragatik ez da posible izan eta ea hurrengo urtean indarrez ekiten diegun, " adierazi du Marcosek.