COVID-19

Hiru positibo erregistratu dituzte iraileko azken egunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 1a, 13:54

Pandemia hasi zenetik, iraila izan da hilabete aktiboena Lasarte-Orian egunez egun atzemandako datuei dagokienez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 146 positibo erregistratu dira gurean hilabetea hasi zenetik, abuztuan baino 33 gehiago. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratutako txostenaren arabera, Lasarte-Orian hiru positibo erregistratu dituzte asteazkenean. Hilabeteko azken eguneko datuak gainontzekoei gehituta, ondoriozta daiteke iraila izan dela hilabete aktiboena gure herrian: 146 kutsatze atzeman dira, abuztuan baino 33 gehiago. 

Egunak eta asteak igaro ahala, jaitsi egin da atzemandako kasu kopurua, hilabeteko ia egun guztietan kutsatzeak erregistratu dituzten arren –irailaren 21ean ez zuten kasu bakar baten berri eman–. Lehen hamabostaldian 109 positibo erregistratu dituzte, eta beste 37 bigarrenean. Kutsatze gehien detektatu dituzten egunak izan dira irailaren 5a –hamazazpi kasu–, 1a eta 9a –hamabina–. Irailaren 9az geroztik ez dituzte hamar kasu baino gehiago atzeman egun berean. 

Eskualdearen egoera

Irailaren 30ean Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten udalerri guztietan atzeman dituzte kasuak: Urnietan sei, Hernanin eta Astigarragan bina eta Andoainen eta Usurbilen bana. 

Osasun Sailaren datuen arabera, eskualde osoan 528 positibo erregistratu dituzte bukatu berri den hilabetean: 183 Hernanin, 146 Lasarte-Orian, 77 Andoainen, 49 Usurbilen, 43 Urnietan eta Astigarragan 30.

385 kutsatze asteazkenean EAEn

EAEko hiru lurraldeetan 385 kutsatze atzeman dituzte irailaren 30ean, horietatik 175 Gipuzkoan. 10.969 PCR proba egin dituzte asteazkenean, eta horietatik %3,5 positiboak izan dira.

245 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusa dela eta, horietatik 55 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren birsortze-tasa 0,94koa izan da asteazkenean.