Protesta ekintzaren irudiekin batera, langileek ohar bat zabaldu dute. Azpimarratu dute "nekatuta eta nazkatuta" daudela aldarrikapenak etxe barruan egiteaz, eta horregatik erabaki dute Domusvi enpresarekin daukaten ezinegona kalera ateratzea, herriak entzun ditzan. "2019ko urriaren 1ean hasi zen enpresa hori zentroa kudeatzen; orduz geroztik, zerbitzuaren kalitatea asko jaitsi da".
Asko jaitsi da baita ere bertako egoiliarrei ematen zaien arreta zuzena, "pertsonal guztia ez delako ordezkatzen", langileek nabarmendu dutenez. "Lanaldi osoa daukan auxiliar batek erretiroa hartzen badu, beste behargin bat kontratatzen du enpresak, aldi baterako, lanaldiaren %82,85era. Hori, langile berriren bat kontratatzen bada, beste batzuetan hutsik uzten baita postu hori".
Lan hitzarmenean sinatutakoa betetzen ari ez dela egotzi diote langileek enpresa kudeatzaileari. Azaldu dute aldi baterako kontratua daukan behargin batek lehentasuna daukala ordezkapenak egiterako orduan, lanaldiaren %100era iritsi arte. "Hori egin beharrean, zentroa eta egoiliarrak ezagutzen ez dituzten pertsonak kontratatzen ditu Domusvik behin-behinean".
Protesta egin duten beharginen aburuz, "ezinegona" sortu du Domusviren kudeaketak euren artean, "inolako beharrik gabe", langileek erdietsitako "zenbait hobekuntza laboral" indargabetu dituelako enpresak. "Gure egoera mental eta fisikoan eragin du horrek; gure lan-kalitateak behera egin du".