Izotzetik pistara, urtebetez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 30a, 11:15
Izotza utziko du urte betez Sumendi taldeak eta lerroko patinetako txapelketan lehiatuko da. Arg.: Espainiako Federazioa

Izotz-hockey denboraldia hasi da. Sumendi taldeak eta Lorena Zabala herritarrak, ordea, ez dute Iberdrola Ligan parte hartuko. Hainbat arrazoi direla eta, Gasteizko taldeak urte betez izotz-hockeya utzi eta lerroko patinetako txapelketan lehiatuko da

Sumendi taldeak 2020-21021 denboraldian izotz-hockey txapelketan ez parte hartzeko erabakia hartu du. Sumendiko jokalari Lorena Zabala herritarrak azaldu digunez, COVID-19a dela eta, Sumendik taldea osatzeko arazoak izan ditu. "Gure taldean Bartzelona edo Valladolideko  jokalariak zeuden eta aurten ezin izan dira konprometitu. Partidetara nahiko justu iristeko arriskua genuen".

Gainera, esfortzu ekonomiko handia egin behar dute taldeek denboraldia hasterakoan. "Gu  talde txikia gara, familiartekoa. Dirua jarri eta gero iaz bezala denboraldia bukatzeak ez digu mesede handirik egiten". 

Hori dela-eta, hurrengo denboraldiari begira entrenamendu saioen errutinarekin jarraitu ahal izateko, lerroko patinetako emakumezko, zein talde mistoko Euskadiko txapelketan lehiatuko da taldea.

Herritarra ordea, ez da oraindik entrenamenduetan hasi. "Lepauztailaren haustura izan nuen abenduan eta oraindik, osatzen ari naiz".