Hainbat kirolaren antzera, errugbia ere denboraldi berrirako prestatzen ari da. Beltzak RTko kideek aste honetan hasiko dituzte saioak. Baina BabyAuto Zarautz taldean dauden Lasarte-Oriako errugbi jokalariak iraila hasieratik ari dira lanean.
Espainiako Federazioak ezarritako neurriak betez. Hori da, talde entrenatuz, kontakturik gabe, aldagelarik erabili gabe, etab. hasi dituzte saioak. Izan ere, dena ongi bidean, Ohorezko eta Ohorezko B mailako lehiaketari hasiera emango diote urriaren 17-18ko asteburuan.
Beltzak RTko kideek aipatu digutenez, denboraldi hasiera zehaztua duten bakarrak dira.Euskal Liga eta 18 eta 16 urte azpiko taldeek oraindik ez dute datarik.
Hori dela eta, lasaitasun mezua helarazi nahi dute Beltzak taldeko kideek. "Garbi ez egoteak, jokalarien osasuna lehiaketaz haratago lehenesten dela nabarmentzen du".
Entrenamenduen hasiera
Datarik izan ez arren, Beltzak RT eskolako gaztetxoak aste honetan hasiko dira lanean. Ostiralean, 10 eta 12 urte azpiko taldeak izango dira Michelingo kirol gunean batuko direnak arratsaldeko 18:10etik aurrera. 14 urte azpiko taldeak, berriz, asteazkenean, urriaren 7an, izango du lehen saioa.
"Kontakturik gabe eta neurri guztiak jarraituz". Errugbi taldeko kideek azpimarratu dutenez, errugbiaren kontzeptua ez da orain artekoa izango. Gutxienekotik hasi eta Federazioak, zein Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako neurrien arabera moldatuko da jarduna. "Ez dago gure eskuetan ez noiz edo nola hasi, baina errugbia egoeraren arabera moldatzen joan gara".