Arteaga II.a buruz burukoaren atarian dago. Lasarte-Oriako pilotariak Bakaikoa garaitu beharko du ostiralean, 1. mailako buruz buruko txapelketarako txartela lortzeko.
Ez du lan erraza izango, ordea.Arteaga II.ak partida zaila eta gogorra espero du. "Bakaikoa pilotako hiru modalitateen artean buruz burukoan hoberen moldatzen dela esango nuke. Binaka ere oso ondo ari da jokatzen azken boladan. Partida asko irabazten eta joko ona egiten. Partida zaila izatea aurreikusten dut".
Bakaikoak gainera, etxean jokatzen du partida eta bere herritarren aurrean buruz buruko txapelketako txartela eskuratu nahiko du.
Buruz burukoa helburu
Herriko pilotariak buruz burukoaren sailkapen partida jokatzea espero zuela adierazi du. "Nire nahia sailkapena jokatzea zen eta espero nuen lehenengo mailan jokatzeko aukera nire esku egotea".
Partida irabazten duen pilotariak lehen mailako buruz buruko txapelketa jokatzeko aukera izango du eta galtzen duenak bigarren mailako lehiaketan parte hartuko du.
Horregatik, bere jokoa egiten saiatuko da, "dakidan bezala jokatzen saiatuko naiz eta partida ona egiten. Ea garaipena lortzen dudan".
Binakako lehiak
Buruz burukoaz gain, bikotekako partida ere lehiatuko du herritarrak larunbatean, urriaren 3an. Erasunekin batera Zubizarreta III.a eta Urretabizkaia II.a izango ditu aurrez aurre, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Arteaga II.ak berrogeialdiaren ostean, ez du atsedenik izan eta binakako partida ugari ari da jokatzen. Lehengo asteburuan, esate baterako, Logroñon (Errioxa) eta Ataunen izan zen.
Lasarte-Oriako pilotaria ez dago gustura asteburuan egindako lanarekin. "Bi partidatan lehen zati txukuna egin dudala uste dut, batez ere, larunbatean. Baina gero, partida aldatu denean ez dut jakin nire atzelariari laguntzen. Ondorioz, ez ditugu partidak ongi itxi eta galdu egin ditugu biak".
Denboraldi berezi honetan jokatutako binakako partiden irakurketa ere egin du. "Denetariko partidak egin ditudala uste dut. Batzuk oso onak; txarrak ere bai... Eta erregulartasun hori hartzea falta zaidala uste dut. Ea pixkanaka lortzen dudan".
Seniorra, puntuak gehituz
Pilota profesionala alde batera utzita, Intza elkarteko kideek Ezker Hormako bigarren jardunaldia izan zuten aurreko asteburuan eta bigarren mailako senior bikoteak bakarrik eskuratu zuen garaipena.
Lehen jardunaldian antzera, Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola osatutako senior bikoteak partida ederra jokatu zuen Azkoitiaren aurka. Aranberri eta Juaristi bikote indartsu izan zuten aurrez aurre . Tantoak asko borrokatu behar izan zituzten Intzako seniorrek eta azkenean, lasarte-oriatarrek eraman zituzten bi puntuak, 20-22 irabazita.
Bigarren kadete mailako gaztetxoek, berriz, Michelingo kirol gunean izan zituzten hitzorduak larunbatean eta ezin izan zituzten arerioak garaitu.
Intza 1 bikotea izan zen lehena kantxara ateratzen. Jokin Lizasok eta Haritza Diaz de Gereñuk ezin izan zuten Gaztelekuko bikotearen aurka, 11-22. Jokoan bi taldean indarrak berdinduta egon arren, Andoaingo bikotea hasieratik nagusi izan zen sakeei esker; 10 tanto egin zituzten.
Intza 2 osatzen duten Beñat Olazabalek eta Pedro Eloseguik partida borrokatua jokatu zuten. Tamalez, Olazabalek partida erdian min hartu zuen eskuin eskuan. Horrek partidaren patua eta emaitza baldintzatu zuen, 14-22.