JANARI BILKETA SOLIDARIOA

Lasarte-oriatarren elkartasuna Moriara bidean doa

Txintxarri Aldizkaria 2020ko irailaren 29a

Jalgi, Furia Beltza, Avenida, Oreka eta Tiburtzio Artizar tabernek janari bilketa solidarioa egin dute egun hauetan, eta herritarrek erantzun dute: 1.200 kilo janari pasatxo utzi dituzte bost establezimenduetako kutxetan. Antolatzaileek gaur kargatu dute furgoneta, eta bildutakoa Astigarragara eraman dute. "Eskerrak eman nahi dizkiegu lasarte-oriatarrei", adierazi dute abiatu aurretik.

Zaporeak Proiektuak Euskal Herri osoan barrena zabaldu du Morian bizi diren errefuxiatuentzat janaria biltzeko deia, eta herritarrak erantzuten ari dira. Lasarte-Orian, bost taberna arduratu dira mota desberdinetako eligaiak bildu eta bidaltzeaz: Jalgi Kafe Antzokia, Furia Beltza, Avenida, Oreka eta Tiburtzio Artizar. 1.200 kilo pasatxo kargatu dituzte furgonetan; Astigarragara eraman dituzte kaxak.

Bost establezimendu horietara eraman dituzte arroza, pasta, olioa, atuna eta bestelakoak lasarte-oriatarrek. Horrez gain, Super BM eta Eroski supermerkatuek ere lagundu dute eta zenbait kutxa bete. 

Irailaren 23tik 27ra bitartean bildu dute janaria tabernek. Egitasmoa egun pare bat lehenago bururatu zitzaien. Herritarren erantzuna, beraz, ozena izan da. "Oso eskertuta gaude", adierazi dute tabernariek.