Apiriletik irailera. Bost hilabete itxaron behar izan dituzte txirrindulariek pistako Espainiako txapelketa jokatzeko. Tafallako Miguel Indurain belodromoak irailaren 23tik 27ra barne hartu zituen maila ezberdinetako lehiak. Bertan, Buruntzazpi eskolako Asier Pozo eta Haimar Etxeberria izan dira Euskadiko selekzioarekin lehian eta zilarrezko bi domina ekarri dituzte Lasarte-Oriara.
Abiadura eta jazarpen taldekako probetan lortu dituzte sariak. Bi probetako sailkapen saioetan lehenak izan arren, finaletan ezin izan ziren maila gorenera iritsi.
Abiadura probako finalean, Haimar Etxeberriak, Ibon Diaz eta Jaime Romerok Gaztela eta Leoneko hirukoa izan zuen buruz buru. Garaipena Gaztela eta Leonek erdietsi zuen, 50”647; Euskadik, berriz, 50”903 denbora egin zuen helmugan.
Jazarpen proban, Buruntzazpi eskolako bi kideak lehiatu ziren eta Valentziako erkidegoko taldearen aurka jokatu zuten finala. Valentziarrek eraman zuten sari nagusia 4:28.890 denbora egin ostean; Euskadik, 4:33.355.
Bakarka ere parte hartu zuten Etxeberriak zein Pozok. Bi probatako sailkapen saioetan izan zen Pozo, abiadurako kilometro bateko proban eta puntuazio proban. Bosgarren eta hamargarren izan zen, hurrenez hurren. Etxeberriak ordea, scratch proban parte hartu zuen eta zortzigarren izan zen
Europako txapelketa
Asteburuan egindako lana dela-eta, Asier Pozok pistako Espainiako selekzioak urriaren 6a arte, Valentzian egingo duen egonaldian parte hartuko du.
Europako txapelketa prestatzeko saioak egingo dituzte eta horien arabera, taldekako, zein bakarkako probetan zein korrikalarik parte hartuko duten erabakiko du Raul Mena hautatzaileak.
21 urte azpiko eta junior mailako Europako txapelketa urriaren 8tik 13ra lehiatuko da Fiorenzuola d’Ardan (Italia).
Errepidean ere podiumean
Pistaz gain, errepideko lasterketak ere lehiatu zituzten Buruntzazpiko kideek.
Beñat Carbayedak Uzarraga XLVI. Igoerako txapela jantzi zuen, larunbatean, Antzuolan Mendiko saria ere jaso zuen.
Buruntzazpiko kideak helmuga marra gainean irabazi zion ihesaldi kide izan zuen Nicolas Alustizari.
Igandean, Indurain Anaien Sari Nagusian parte hartu zuen Carbayedak Aimar Etxeberriarekin batera, Villavan (Nafarroa) eta berriro ere, podiumera igotzea lortu zuen Buruntazpiko gazteak, hirugarren izan zen; Etxeberriak 6. postuan igaro zuen helmuga.