EUSKARALDIA

'Nerabeak Euskaraldian' liburua aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 29a, 10:56

Argazkia: gipuzkoa.eus

Eraginkorra al da ahobizi/belarriprest diseinua nerabeen hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko? galderatik abiatuta osatu dute liburua. Sei erakundek hartu dute parte ikerketan: Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalak, Oriarte Institutuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Ebete zerbitzuak.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3an Euskaraldia egin zen Euskal Herri osoan, eta horren barruan 11 egun euskaraz ekimena garatu zen. Ahobiziak eta belarriprestak izan ziren egitasmoaren protagonistak. Horiek, ordea, bi urte lehenago sortu ziren Lasarte-Orian. 2016. urtean, 40 egun euskaraz ekimena bideratu zuten eta hor erabili ziren lehenengo aldiz ahobizi eta belarriprest figurak. Baina erabili bakarrik ez; hori izan zen 2018an Euskal Herri osoan Euskaraldiaren ekimena abian jartzeko oinarri nagusietako bat.

2018ko Euskaraldian, Lasarte-Oriak ekimen hori errepikatu bazuen ere, zenbait berrikuntza gehitu zituen, horien artean, nerabeei zuzendutako ikerketa-ekintza bat abiatu zuten. Ikerketa-ekintza hori liburu bihurtu da orain, eta horren berri eman dute proiektuaren parte izan diren sei erakundeetako ordezkariek: Jokin Guridi Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaileak, Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburuak, Lurdex Etxeberria, Oriarte Institutuko irakasleak, GFAko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak eta Iñaki Eizmendi, Ebete zerbitzuetako arduradunak.

Euskaraldiaren eraginkortasun maila, nerabeengan

Euskaraldiaren diseinua zela-eta, hamasei urtetik beherako nerabeek ezin zuen parte hartu egitasmoan, baina aldi berean, gaztetxo guztiek betetzen dute Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintza; euskaraz ulertzea, eta Euskal Herriko bazter guztietan bezala, Lasarte-Orian ere arduratuta daude gaztetxoen arteko euskararen erabilerarekin.

Hori kontuan izanik,  Euskaraldia sustatzeaz gain, nerabeei egokitzeko ahalegina egin nahi izan zuen herriak, nerabeak partaide ez ezik eragile ere izateko. Lanketa bera,  2016an egindako Irten armairutik esperientziarekin egin zen bezala, ikerketa-ekintza moduan egin zen, ateratako ondorioak eta tresnak beste hainbat herritarako ere baliagarri izan zitezkeelakoan.

Ekimena ez zuten hutsaren gainean eraiki, ordea. Ttakun Kultur Elkartearen, Oriarte Institutuaren, eta udalaren artean hitzartuta dituzte gaztetxoen arteko erabilera sustatzea helburu duten hainbat egitasmo: Elemeleka saioak eta Kuadrillategi, besteak beste. Horiek oinarri hartuta, Euskaraldiaren ekimena egokitu egin zuten adin tarte berriaren ezaugarrietara eta hiru edo lau sentsiblizazio-saio egin zituzten Euskaraldiaren aurretik Oriarte institutuko hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gela guztietan; 33 gela, 741 ikasle. Horretaz gain, ikasle eragileen batzordeak osatu ziren hala nahi izan zuten gazteekin.

Emaitza nagusiak

  • Nerabeen %60k parte hartu du eta lorpenekin gustura ageri da.
  • Erabileran eragina izan zuen, bereziki biko harremanetan.
  • Ohikoa baino euskara askoz gehiago erabili zutenak %30 izatera iritsi ziren.
  • Gazteen iritziz, lorpen berriek iraun egingo dute.
  • Nerabeekin Euskaraldiaren lanketa egin daiteke, eragina du eta helduen antzeko ondorioetara iristen dira.
  • Hainbat prest daude euskara gehiago erabiltzeko, baita eragile izateko ere.
  • Lanketa ondo egin behar da.

Liburuak udal, elkarte eta institutuetara paperean banatuko dira, baina digitaleko bertsioak ere prest dituzte eskuratu nahi dituenarentzat:

Informazio gehiago nahi duenak, berriz, Ttakun Kultur Elkarteko 688683755 telefono zenbaki horretara dei dezake, edo mezu bat idatzi  ttakun@ttakun.eus helbidera.