Urria iristearekin batera bueltatuko dira kultur ekitaldiak Lasarte-Oriara. COVID-19ak eragindako egoerara egokitutako agenda kulturalaren aurkezpena egin dute, "kultura seguru baten aldeko apustua" eginaz. Agustin Valdivia alkateak eta Maite Iglesias Kultura zinegotziak egin dute aurkezpena, Juantxi Ugarte eta Rosa Illarramendi teknikariekin batera.
Hamaika emanaldi
Okendo Zinema Taldeak zabalduko du urriko kultur agenda; ostiral honetan, The Gentlemen filma emango dute.Auditorioan izango da, gaueko 22:00etan, eta 5.50 euro balio du sarrerak.
Hurrengo egunean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo lasarte-oriatarrek arituko dira oholtza gainean. Urriaren 3an, Bizi Dantza emanaldia eskainiko dute. Arratsaldeko 17:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak 3.80 euro balio du.
Urriaren 4an, berriz, helduentzako zinema izango da. La boda de Rosa ikus-entzunezkoa ikustera joan ahal izango dira herritarrak. 19:30ean izango da ekitaldia, eta 5.50 euroren truke erosi ahal izango dituzte sarrerak interesatuek.
Operak, oraingoan ere, hutsik ez
Urriaren 7an, opera zaleek izango dute hitzordua Manuel Lekuonan. La viuda alegre opera (digitala)ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 19:00etan izango da emanaldia eta sarrerek 7 eta 9.5 euro bitartean balio dute.
Urriaren 11n, aldiz, haurrentzako zinema izango da. Bihurri jatetxetik kale gorrira filmaz gozatu ahal izango dute etxeko txikienek. 17:00etan izango hitzordua, eta, sarrerak, 3.80 euroan daude salgai.
Hilabete erdialdean ere, zinemak hartuko du kultur etxea. Urriaren 16an, Okendo Zinema Taldearen eskutik, El Drogas pelikula ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Betiko ordutegiari jarraiki, 22.00etan izango da eta sarrerak 5.50 euro balio du.
Hilaren 18an ere helduentzako beste zinema saio bat egongo da. Va por nosotras filma eskainiko dute, 19:30ean eta 5.50 euroren truke.
Semblante Andaluz
Semblante Andaluz elkarteak ere ekitaldi bat gehitu dio urriko agenda kulturalari. Urriaren 23an, ordubete inguruko Flamenco Abierto musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 19:30ean izango da, eta kasu horretan, sarrera doakoa dela iragarri badute ere, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa da.
Zarzuelari ere egin diote tartea urriko agendan. Urriaren 24an Los Gavilanes ikusteko aukera izango dute zarzuela zaleek, 19:30ean. Bertara joateko sarrera erosi behar da, 12 euroren truke.
Hilabetea amaitu aurretik, izango dira ekitaldi gehiago ere: zinema eta dantza. Urriaren 25ean, Scooby haurrentzako filma botako dute. Ohiko ordutegi eta prezioa izango du ekitaldiak; 17:00etan eta 3.80 euroren truke. 30ean, aldiz, Okendo Zinema Taldearen eskutik Akelarre pelikula ikusteko aukera izango da, 22:00etan eta 5.50 euro ordaindu beharko da sarrera.
Amaitzeko, hilabeteko azken egunean, 31n, El fin de las cosas dantza garaikide emanaldia eskainiko du Doos Colectivo dantza konpainiak. 20:00etan izango da ikuskizuna, eta sarrerak 5.50 euro balio du.
Protokoloa eta edukiera
COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, kultur agenda aurrera eramateko ezarritako protokoloa errespetatu beharra dela azpimarratu du Iglesiasek. Horretarako, kultur etxeko langileen jarraibideei arreta jartzeko eskaera egin du, eta eskatu, maskarak uneoro erabiltzea.
Udalak nabarmen murriztu du auditorioaren edukiera, % 60ko aforo maximora eta pertsonen arteko distantzia minimora egokitzeko. Hori dela eta, 130 eta 229 pertsona arteko kopurua bilduko da gehienez eta familia-unitate bakoitzeko, gehienez, 6 pertsonara murriztua geratu da. Horrez gain, areto barruan jatea eta edatea erabat debekatua dagoela gogorarazi du.