Elizatzetik Okendora ibilbidea egitekoak ziren Lasarte-Oriako Sareko kideak, baina euriak eta bigarren eskuko bizikleta azokak asmoa aldarazi diete. Hala, ordu laurden luzez abiapuntuan egon dira, eta ondoren, ateri zela aprobetxatuta, plazarantz joan dira. Metro gutxi eginda, ordea, euri jasa izan da. Bizkor eta blai eginda amaitu dute aldarrikapen ekintza.
Abiatu aurretik, Izan Bidea dinamikaren barruan datorren larunbatean egingo duten jardueran parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Zehazki, preso nahiz iheslarien etxeratzearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde Santa Barbara edo Buruntza mendien tontorrera igotzera.
Halaber, Lasarte-Oriako Ernaiko kideek jakinarazi dutenez, Jabier Gallaga, Ibon Fernandez Iradi eta Aitzol Iriondo herrikideak preso dauden Cordobako eta Lannemezango (Frantzia) espetxeetara joateko autobusak antolatuko dituzte datorren hilabetean. Xehetasunak aurrerago ezagutaraziko dituzte.