Paquita, Asun eta Andrea. Familia bereko hiru belaunaldi Merci Maman (Eskerrak ama) liburuaren bueltan. Orri artean ageri dira denak modu batera edo bestera. Lehen pertsonan eta depresioak jotako amarekin izandako bizipenak baliatuta idatzi du Asun Morenok eta edukiaren lekuko nahiz prozesuaren parte den Andrea Van Eyck alabak ilustratu ditu pasarteak. Abuztutik salgai dago, baina koronabirusak galarazi egin die nahi bezala aurkeztea. Londres eta Lasarte-Oria artean Txintxarri-rekin izandako solasaldi birtualean obra bera eta haren inguruko bizitza hizpide izan dituzte.
Zazpi bat urteko bidaia eta aurrez pentsatu gabeko helmuga da kontakizun bilduma; bizitzako une batean gertatzen ari zitzaiona partekatzeko beharretik sortua. "Terapia moduan hasi nintzen idazten, barrua lasaitzeko, ez bainekien zer gertatzen zitzaidan", zehaztu du Morenok. 45 urtetatik aurrera bere bizitzan inflexio puntu bat izan zen, amaren depresioarekin bat egin zuena; eta alabak aholkatutako liburu baten jarraibideei segika, goizero hiru orrialde betetzen hasi zen, "burura boteprontoan" etorritakoarekin. Elkarren arteko koherentziarik gabe eta haiekin zer egin ez zekiela idatzitako lerro horiek Van Eyckek irakurtzen zituen. Errutinari ekin eta hiruzpalau urtera, ordea, asmo bat topatu zieten. "Testu bat heldu zen eta bideak hori izan behar zuela ikusi nuen. Beldur gehien ematen zion horretaz idatzi behar zuen: amarekin eta bere gaitzarekin duen harremanaz", gogoratu du gazteak. Hori izan zen duela urte erdi liburu bilakatuko zenaren lehen urratsa.
Eliza, azoka txikia, Ama Brigitarren komentua, kanpaiak... Lasarte-oriatarrei ezagun zaizkien txoko eta soinuak ageri dira ordenarik gabe irakur daitezkeen pasarte horietan. Gaitzak amarekin asko paseatzera behartu zuen Moreno eta osteratxo horiek beraien harremanaz hitz egiteko inspirazio iturri izan ditu. Horien baitan hiru gai landu ditu: Ama-alaba harremanak, osasun mentala eta nork bere burua berrasmatzea.
Morenok hitzak jarri ditu eta Van Eyckek irudiak. Alabak nahi gabe topatu du bere burua proiektuan murgilduta. Editore lanaz gain, ilustrazioen ardura ere egokitu baitzaio. "Niretzat gogorrena berak guzti hori nirekin partekatzea zen. Konfiantza gune bat topatu du nigan. Ez da erraza ikusi duzun horretaz irakurtzea eta aholkatzea. Sendagarria izan da zirkulua osatzea nirea ere baden historia hori ilustratuta". Kontakizun gordina bada ere, kolore atseginak aukeratu dituzte iruditarako, urdina eta fuksia, eta marren artean hitzak ere ageri dira. "Oso naif dira. Amonaren zoramena irudikatzean, horren tragikoa izan zen zerbait infantilizatzeko beharra nuen", aitortu du.
Depresioaren mamua
Zumaburuko eraikin berean bizi izan dira hirurak solairu bakarreko aldearekin. Harreman oso estua izan du gazteak amonarekin, "hezur eta mami izan gara", eta depresioaren hastapena berak bizi izan zuen. "Ni jabetu nintzen eta ama konfidente izan nuen. Bitartekaria nintzen. Asko sufritu dut testuinguru horretan, harreman hori josten eta hobetzen ahalegintzen zen bien arteko gizaki txikia bezala ikusi dut nire burua. Gatazkan lokarri. Biak asko maite nituen eta talka oso mingarria zitzaidan".
Beti gaixo gogoratzen du amona. Aurretik ere gauzak errazak ez baziren, gaitzak elkarbizitza zaildu egin zuen. Paquitaren bizitzeko gogo eza ulergaitza zitzaien ingurukoei. Etxean bake falta izugarria zen, etengabeko tentsioa, nondik joko ote zuen ez baitzekiten. Van Eyckek gogoan du "kontrola izateko nahia, bera sendatzeko gaitasuna edukitzearena. Egun batean amore eman eta gure esku ez zegoela ulertu genuen arte". Une horretatik aurrera denak hobera egin zuen.
Ildo horretatik, buruko gaitzen ikustaraztea, haiei buruz hitz egitea eta estigma kentzea ezinbestekoa dela uste dute, "Esistitzen dira eta zenbat eta gehiago hitz egin horiei buruz, lagunduago sentituko gara. Aitona minbiziarekin hil zen eta amak beti dio norbaitek minbizia duenean jende guztia batu egiten dela, baina gaixotasun mental bat duenean, denek ihes egiten dutela. Bitxia da, biak baitira oso hilgarriak".
Mugak hautsi
Paquitaren gaitzak iraganera egin eta sinesmen asko apurrarazi dizkio Morenori. Ez da erraza izan eta kontaketak bere baitara begira jartzen du zenbaitetan irakurlea."Irakurri dutenek hasieran hunkiberatasun handia nabari dute, gure historia ezagutzen dutelako, edo hori uste zutelako, baina ez lehen pertsonan kontatuta". Edonola, berezitasunez harago, bere adinaren bueltan dauden askok euren burua islatuta ikusi dutela esan diote: erlijiotasun handiko hezkuntza, muinetaratutako sinesmenak, asteroko meza... Euren bizitzako parte izan dira.
Idazleari sentimenduak kokatzeko balio izan dio liburuak, ama barkatzeko eta bere buruari beti nahi izan duen emakume heldua izateko aukera emateko. Idazten amaitzean amaren jokabidea ulertu duela sentitu du Morenok eta jabetu da bien arteko harremanak noraino eman dezakeen. Horren aurrean, kexatu beharrean, duenagatik eskerrak ematen ere ikasi duela dio. Hortik, izenburua. Eskertza da, batetik, amari, "ahal zuen ondoen egin duelako"; bestetik, gaixo bada ere, oraindik bizirik dagoelako. "Eskerrak ematen dizkiot gauza asko ikasteko aukera ematen didalako. Ezin dut gehiago eskatu".
Amaren irudi "erromantiko" eta "ideala" desegin eta errealitatea bere horretan onartzea ez da lan samurra izan, baina liburua "itxaropenari kanta bat" izatea nahi dute. "Istorio tristeak dira? Bai, baina gu ez gara pertsona tristeak. Umoreak salbatu gaitu. Uneak izan ditugu, baina umorez eraman dugu", ñabartu du Morenok karkara ugari izan dituen saioan. Bizitza "zoriontsuago" eta "lasaiago" bat lortu artekoa besteek bizitakoa baino gogorragoa ez dela izan ere nabarmendu du Merci Maman liburuaren idazleak.
Konplizitatea eta harrotasuna sumatzen dira beraien hitzetan. Zerbaitengatik idatzian islatutako ama-alaba harremanaz gain, bien artekoak berebiziko garrantzia izan du prozesu honetan. Amarekiko harremanak mugatu egiten zuela sentitzen bazuen Morenok; alabari esker, nolabait, amets egin eta bere zenbait nahiez konturatu da. Iritzi berekoa da Van Eyck ere. "Zubi bat izan naiz amarentzat, aukera berrietara zubia. Urratsa egitera ausartu nintzen eta bera ondoren etorri zen". Horri lotzen dizkio, esaterako, artea ogibide izateko aukera edota herri batean jaio eta hazita sentitu dituen mugak lausotzea: "Beti hor egotera, ez irtetera, kondenatuta zauden sentipena nuen. Amets batzuk ezin direla zureak izan". Margenetatik kanpora Madrilera joan zen Arte Dramatikoa ikastera, eta egun, Londresen bizi da.
Urruntasunak elkartu egin ditu eta liburuarekin sakondu egin dute beraien lotura; idealizatu gabe, elkar ulertzeko ahalegina eginda, baizik. "Bere burua berregin du. Amak utz diezagukeen herentzia onena gero eta ama hobeagoa izateko egin duen lana da, bere autokritika gaitasuna".
Iritziak entzuteko gogoz
Testu multzoari konfinamenduan eman zioten liburu itxura. Paquitak urteak egin ditu psikiatrikoan, eta hain justu, hiruak itxialdian zirela, osatu dute zikloa. Emaitza ikusi du, baita zenbait orri irakurri ere eta liburuarekiko duen jarreran harrotasuna igartzen diote senideek. "Batetik bestera darama eta edonori 'saldu' nahi dio", gogoratu du Van Eyck barre artean. Hasieran berarentzat gordetzeko asmoa bazuen ere, pauso guztiak eman ondoren,
irakurleekin partekatu eta haien iritziak entzuteko gogoz dago Moreno. Liburua aurkezteko performance bat prestatua dute, baina pandemiak emanaldiak bertan behera uztera behartu zituen. Donostiako La Farandulan abuztu amaieran egitekoak ziren zortziak, egoerak ahalbidetuz gero, Eguberritan berreskuratu nahi dituzte.