Pako Bergara irakaslearen agurra, bertsotan

Pako Bergara 2020ko ira. 25a, 15:50
40 urtez irakasle aritu da Pako Bergara Lasarte-Orian. Argazkiak: Pako Bergara.

1980. urtean hasi zen Pako Bergara Landaberri LH eraikinean lanean, plastika irakasten, Jose Luis Zumeta margolariaren ordez. Aurreneko bi urteetan Karlos Zabalarekin batera aritu zen, eta orduz geroztik 1994ra arte, bera bakarrik. 1995ean, Landaberrik publifikatzea erabaki zuenean, LOGSEa ezartzearekin batera, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Teknologiako klaseak ematen hasi zen, eta horretan aritu da 25 urtez, Oriarte Landaberrin, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaion arte. Bertso eder batzuk prestatuta, agur esan die herriari, ikasleei eta lankideei.

Bertsoak

Lasarten kilometroak
eman nituen bi bira,
ondoren lanean hasi
handikan oso gutxira,
txima luze ta bibote
gaztetasunan distira,
buelta askotxo eginak
geroztik LANDABERRIRA,
plastikako saio askotan
joaten ginen gu mendira,
buztina lantzera edo
Larraul eta antzerkira.
Gero teknoko irakasle
asmakizunei begira
konturatu gabe ia
berrogei urte joan dira.

Klitxe ta multikopista
beste garai batzuk ziren,
bilera ta klaustro ugari
eztabaida eta hitzarmen,
tentsiorik ez zen falta
publifikatu baikinen,
urteak pasa ondoren
noraino iritsi garen.
Ahalegindu gara behintzat
beti euskara sustatzen,
hezkuntza hobeagoa 
ikasle denei eskaintzen
erronkarik ez da falta,
jarrai dezagun amesten,
Lasarteko biztanleak,
euskaraz direla ulertzen.

Agurraren garaia da,
Landaberri Oriarte
agur gurasoei eta
muxu bat lankide maite,
ikasle izandakooi
aipamena doa aparte,
barkatu gaizki eginak,
eta nahi duzuen arte.
Guztiok izan zarete,
nire bizitzaren parte.
Plastika, teknologia
edo bestelako arte
oroitzapenak borborka,
pasa dira hainbat urte,
besarkada bat guztioi,
bihotzez agur Lasarte.