Pako Bergararen bertsoak

Pako Bergara 1980an hasi zen plastika klaseak ematen Landaberrin, Jose Luis Zumeta margolariaren ordez, ordu batzuez. 1982tik 1994ra lanaldi osoz jardun zuen han. 1995ean Landaberri publifikatu zenetik gaur egunera arte, teknologia irakatsi du Pintore kalean dagoen institutuan, Oriarte Landaberrin. Erretiroa hartu, eta, bertsotan, agur esan dio herriari.

Bertsoak

Lasarten kilometroak
eman nituen bi bira,
ondoren lanean hasi
handikan oso gutxira,
txima luze ta bibote
gaztetasunan distira,
buelta askotxo eginak
geroztik LANDABERRIRA,
plastikako saio askotan
joaten ginen gu mendira,
buztina lantzera edo
Larraul eta antzerkira.
Gero teknoko irakasle
asmakizunei begira
konturatu gabe ia
berrogei urte joan dira.

Klitxe ta multikopista
beste garai batzuk ziren,
bilera ta klaustro ugari
eztabaida eta hitzarmen,
tentsiorik ez zen falta
publifikatu baikinen,
urteak pasa ondoren
noraino iritsi garen.
Ahalegindu gara behintzat
beti euskara sustatzen,
hezkuntza hobeagoa 
ikasle denei eskaintzen
erronkarik ez da falta,
jarrai dezagun amesten,
Lasarteko biztanleak,
euskaraz direla ulertzen.

Agurraren garaia da,
Landaberri Oriarte
agur gurasoei eta
muxu bat lankide maite,
ikasle izandakooi
aipamena doa aparte,
barkatu gaizki eginak,
eta nahi duzuen arte.
Guztiok izan zarete,
nire bizitzaren parte.
Plastika, teknologia
edo bestelako arte
oroitzapenak borborka,
pasa dira hainbat urte,
besarkada bat guztioi,
bihotzez agur Lasarte.