Ostadar Ipar martxako kideek ekintzaz betetako ikasturteari hasiera emango dio urriaren 7an, asteazkenez, 19:00etan. COVID-19an eragindako itxialdiaren osteko lehen saioa izango da. Aurten entrenamendu saioak asteazkenetan, 19:00etan eta ostegunetan, 10:00etan izango dituzte
Ipar martxako kideek segurtasun- eta osasun-neurri guztiak jarraituko dituzte saioetan. Entrenamendua hasi aurretik, tenperatura hartuko dute eta eskuak garbituko dituzte. Ostean, hamarretako taldeetan eta gutxieneko distantzia mantenduz ibiliko dira. Ipar martxa egitean ez da derrigorrezkoa iango musukoa janztea, beti ere, distantzia mantentzen bada.
Ibilbideak eta ikastaroak
Urtero legez, hilabetero irteera bat egingo du taldeak. Aurten berrikuntza modura, taldeko kideek bi bideren artean aukeratzeko aukera izango dute, bata bestea baino motzagoa.
Urrian, Lasarte-Oria eta Aginaga arteko Buruntzaldeako ibilbidea egingo dute; azaroan, Igeldo eta Antigua auzoetan ibiliko dira; abenduan, Zubieta edo Txardalur mendira iritsi ahalko dira; urtarrilean, Lasarte-Oria eta Aginaga edo Lasarte-Oria eta Orio arteko bideak egingo dituzte; otsailean, Lasarte-Oriako mugak edo Lasarte-Oriatik Teresategira joateko aukera izango dute; martxoan, Zumaiatik Debara joan edo Zumaia–Donejakue bidetik Elorriaga–Zumaia ibilbideen artean erabaki beharko dute eta azkenik, apirilean, Hendaia–Donibane Lohitzune edo Hendaiatik Abadiara eta kostatik bueltatxo bat egin ahalko dute.
Ibilbide horiez guztiez gain, ikastaroak ere izango dituzte. Azaroaren 21ean, mendian hobeto ibiltzeko teknikak ikasiko dituzte eta pilatwalkeko hiru saio egingo dituzte, azaroaren 14an, martxoaren 13an eta ekainaren 12an.