Lau kutsatu berri atzeman dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 13:14

Herrikoak kontuan hartuta, 11 positibo berri egiaztatu dituzte ostegunean Beterri-Buruntza eskualdean, bezperan baino zazpi gutxiago.

Eguerdiro bezala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak COVID-19aren hedapenari buruzko datuekin osatutako txostena argitaratu dute.

Bertan ageri denez, atzoko egunean, lau kasu berri hauteman zituzten Lasarte-Orian, bezperan baino bi gehiago. Herriko kasuez gain, Beterri-Buruntza osatzen duten beste udalerrietan ere kutsatzeak izan dira, Astigarragan izan ezik: Usurbilen, hemen bezala, lau; eta bana, Andoainen, Hernanin eta Urnietan. 

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostegunean 9.118 PCR proba egin zituzten eta horietatik 383k positibo eman zuten. Bezperako datuekin alderatuta behera egin dute kutsatze berriek, baina  asteazkenean baino 1.700 proba gutxiago egin zituzten atzo.

Lurraldeka hala banatzen dira positiboak: Gipuzkoan, 141;  Bizkaian, 159;  Araban, 70; eta gainerako 13ak EAEtik kanpo bizi direnen artean.

Ospitaleetan koronabirusak eragindako 268 lagun daude; atzo 28 ospitaleratuak batuta; eta 46 gaixo daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan  (ZIU). R0 edo birusaren birsortze-tasa 0,92koa da gaur-gaurkoz. Indize hori 1 baino altuagoa izateak  SARS-CoV-2 birusa hedatze fasean dagoela esan nahi du.