Aitor Manso, Euskadiko Mendi Igoera Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 10:15
Aitor Manso Formula ibilgailuarekin ari da Euskadiko Mendi igoeretan lehian. Arg.: Txema Valles.

Aitor Manso herritarrak urteak  egin ditu karting munduan. Lehiaketaz lehiaketa Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan sariak irabazi ditu. Aurten kartinga utzi eta auto igoeretan  hasteko pausoa eman du

Kartingetik mendi igoeratara. Aitor Mansok zirkuituak utzi eta errepidean lehiatzeko pausoa eman du. "Kartingean maila altuenean bi urte egin nituen eta bertan ezin nuen gora egin. Pauso handia eman nahian, Formula bat erosi genuen, kart-aren antzekoa da, eta mendi igoeretan parte hartzeko pausoa eman genuen", azaldu digu gidari gazteak.

Euskadiko Mendi Igoera txapelketan parte hartzen ari da Lasarte-Oriako gidari gaztea. Debuta abuztuaren 22an egin zuen Andatzatik Aiara igoeran eta irailaren 20an, bigarren proban parte hartu zuen, 42. Jaizkibelgo igoeran. Ez da gaizki ibili, bere mailako seigarren eta zazpigarren postuetan amaitu ditu Mansok probak, hurrenez hurren.

Esperientzia ona izaten ari dela azpimarratu du eta lehen urtea izanik asko ikasten ari da. Lasterketa modura moldatu behar izan da lehenik. "Mendi igoerak eta kartinga ezberdinak dira. Nahiz eta kotxea antzekoa izan, kartingetan denak batera egiten dugu lasterka eta igoeretan erlojuaren kontra egin behar da. Horrek kontzentrazio gehiago eskatzen du".

8. klaseko barketen artean ari da lehian, hau da, abiadura gehien dutenen artean. "Baina nire kotxeak eta besteen barketak ez dute zer ikusirik potentzian. Haienak 500 zaldi ditu eta nireak, berriz, 110". 

Eta hurrengo urtean ziurrenik beste maila batean lehiatuko dela jakinarazi digu. "Orain arte ez da Formularik egon lehiaketan. Aurten, kasualitatez, bi izan gara. Federaziokoek ez zekiten zein mailatan kokatu eta 8. klasean jarri gintuzten. Baina tarte handia dago bata eta besteen artean. Horregatik, federazioak hobeto arautuko duela eta hurrengo denboraldian beste maila bat sortu edo baxuago batean jarriko gaituela adierazi digu".

Bidea ezagutu

Eragozpen hori alde batera utzita, denboraldi honetan egin zituen bi probatan azkar ibili da gidari lasarte-oriatarra. Entrenamenduetatik azken txandara denbora hobetuz joan da eta Jaizkibelgo igoeran, esate baterako, 03.08,393 denbora eginez, irabazlearengandik 43 segundora geratu zen. "Lehen entrenamenduan bidea aztertzen dut. Asfaltoa nolakoa den, zein zulo dauden ikusten dut. Gero, pixkanaka, txanda bakoitzean azkarrago joaten saiatzen naiz". 

Jaizkibelgo igoeran egindako lanaz harro dago Manso, baina arantzatxo bat du. "Azken txandan ederki nindoan. Aurreko denbora dezente jaitsi behar nuen. Baina aurrekoak kolpea hartu zuen eta errepide erdian aurkitu nuen. Horrek denbora galtzea ekarri zuen eta pena dut horregatik".

Aurtengo denboraldia beste urteetakoa baino murritzagoa izango da, hiru proba bakarrik jokatuko dituzte: Aia, Jaizkibel eta Urraki. "Ea gauza hobetzen den. Denboraldi honetan proba asko bertan behera geratu dira eta hurrengoan, COVID-19ak uzten badu, osoa egitea espero dugu, zazpi edo zortzi probako denboraldi bat izatea".

Dena ondo bidean, urriaren 18an, Urrakiko probak itxiko du Mendi Igoeren Txapelketa eta bertan ere kotxea eta denborak hobetzen jarraitzeko asmoa du gidari gazteak.

Beste herritarra 

Mansoz gain, Pablo Muga herritarrak ere parte hartu zuen Jaizkibelgo igoeran. BMW batekin egin zuen lasterka herritarrak, 4. klasean eta azken txandan 03:16.142 denbora egin ostean, bere mailako laugarren izan zen.