Iazko udaberrian, Berria egunkariak gogoeta prozesu bat abiatu, eta eduki multimedia berriak sortzeko, kontsumitzaileei informazioa beste euskarri batzuetan helarazteko beharra ikusi zuten, eta horrekin batera, euskarazko hedabidea, hedabide feminista izateko oinarria zehaztuta, lanketa egin eta Berria FM sortzeko lanetan hasi zen. "Udan hasi ginen podcasten ideia definitzen, udazkenean egituratu genuen dena, eta azaroan egin genuen lehenengo saioa". 0. saio bat egin zuten "etxekoentzat" eta, lehen esperientzia hori gaindituta, 1. saioa egin zuten. Hortik aurrera etorri dira gainontzeko denak.
Podcast saioekin hasi aurretik, egunkariko erredakzioan aritzen zen Galardi F. Agirre eta orduko eta oraingo lanen artean ikusten du alderik: "Balio dit eguneroko erritmo frenetikotik ateratzeko, arnas gehiago hartzeko; ez da berdina egunero, egunerokoaz idazten aritzea, edota bi astean behin saioa egitea".
Erredakzioaren ildoari jarraituz, gaurkotasunari lotutako gaiak uhinaratuko ditu, hori bai, gaiak beti ikuspegi feminista batetik landuz. Edozein gai feminismoaren betaurrekoetatik begiratzea posible dela uste du herritarrak, eta hori izan da gainera, orain lau urte abiatu zuen kazetaritza ibilbidean bere buruari jarritako erronka nagusietako bat: "Kazetari feminista bai, baina horrek ez du esan nahi bakarrik berariaz gai feministak lantzea. Hori garrantzitsua da, noski, baina uste dut, garrantzitsua dela baita ere edozein gairi trataera hori ematea; begirada hori bermatzea da erronka nagusietako bat, ikuspegi feminista daukan kazetaritza egiten saiatzen gara".
Adibide batzuk ere jarri ditu: "Hitz egin daiteke futbolaz begirada feminista batetik, edota Moriako errefuxiatuen kanpamentuan amatasuna nolakoa den, eta baita ere zinemaldiaz, baina ikuspuntu feminista kritiko batetik".
Lerro artean dagoenaz
Izenburu hori jarri dio hasi berri duen bigarren denboraldiko lehen saioari. UEU eta EHUren Euskal Kultur Sorkuntza eta kritika feminista graduondokoa oinarri hartuta, jardunaldi batzuk egin zituzten Eibarren irailaren 12 eta 13an, eta bertan atera diren bi puntu nagusiren inguruan landu du saioa: literaturan, antzerkian, dantzan, etab. ezkutuan geratu diren emakume* autoreak eta fikzioan errepresentatzen diren gorputz "hegemonikoak". Puntu horiek abiapuntu hartuta osatu du podcasta: "Lerro artean, ezkutuan geratu diren bestelako kontakizun eta iruditeria batzuek argitara atera ditugu".
Hamasei saiotan, 40 emakume*
Orain arte sortu dituzten podcast guztietako protagonistak emakumeak* izan dira: "Ez da markatua izan, baina polita izan da ikustea, emakume* aditurik ez dagoela uste den bitartean, denboraldi oso bat emakumeekin* bakarrik egin izana".
Entzun nahi duen orori zuzenduta dago BERRIA FM: "Erraza, eskuragarria da eta gaiak lantzerakoan ere trataera oso jasoa ez izaten saiatzen gara, edukiak ahalik eta entzule gehienarengana irits daitezen".
Lehen denboraldiko maiztasun bera izango du ikasturte berrian ere Berria FM-k. Hamabostean behin entzun ahal izango dira saioak, asteazkenetan.Hurrengoa hilaren 30ean izango da. Goiz-goizetik zintzilikatzen dute Berria-ko webgunean, eta 12:00etarako zabaltzen dute sare sozialetan.
Orain arteko kolaborazioekin jarraituko dutela iragarri du Galardi F. Agirrek, tartean, bi herritar izango ditu uhinetan berarekin, Ramoni eta Lohitzune –Bea Egizabal eta Intza Alkain–, eta umore kutsua jarriko diote podcastari. "Oso pozik" agertu da kazetaria bi herrikideak denboraldi berrian ere parte hartzera animatu direlako: "Umorea tresna baliagarri bezain beharrezkoa da; balio du barre egiteko, autokritika egiteko, baina baita ere begirada zorrozteko".
Gazte-gaztetatik "radarra" aktibatuta
Hamahiru edo hamalau urterekin, kuadrillako lagunekin batera hasi zen Galardi F. Agirre feminismoaz irakurtzen. Urtebete beranduago, hamabost urterekin ikuspegi feminista barneratuta, militantziari ekin eta Mugimendu Feministaren parte izanda, gero egindako ikasketa eta lanak kezka horretatik ere abiatuta egin dituela azaldu du. Berriako erredakzio lanetan zein Klitto! atari digitalean feminismotik landu ditu gaiak, eta bere doktoretza tesian Euskal gatazka ikuspegi feministatik ikertzen ari da. "Oso beharrezkoa iruditzen zait mundua euskaraz eta feminismoaren begiradatik kontatzea; radar hori aktibatuta edukiko ez banu, zerbait faltako litzaidakeela sentituko nuke".