Udal kiroldegiko ikastaroak astelehenean hasiko dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 14:20
Udal ordezkariak, kirol jardueren aurkezpenean. Arg.: T. Valles.

Kirol jardueren ikasturte berria hasiko da Maialen Chourraut kiroldegian, irailaren 28an. Erabiltzaileek jardueraren araberako neurriak jarraitu beharko dituzte. Izena ematea irekia dago, plazak bete arte

Lasarte-Oriako Udalak 2020-2021 ikasturteko jarduerak aurkextu ditu gaur eguerdian. "COVID-19a dela eta, ikasturte berezia izango da, baina kiroldegia normaltasunez martxan jarri nahi izan dugu", azpimarratu du Txus Alonso kirol zinegotziak.

Ohikoa den moduan adin guztietara zuzendutako uretako, zein lehorrekoak eskaintzen ditu jarduerak Lasarte-Oriako Udal Kirol Zerbitzuak. Moldaketa bat dute, ordea. Segurtasun- eta osasun-neurriak jarraikiz, gehienetan plazak murriztu behar izan dira. 

Muskulazio eta kardio gelatan kirol-aholkularitzako zerbitzua dago. Zerbitzu horren bitartez, erabiltzaileek kirol-aparatuak behar bezala erabiltzen ikasi dezakete eta entrenamendu-gida bat ere eskuratu dezakete. Gainera, kontratatzen duten erabiltzaileek entrenamendu-programa edo plan pertsonalizatua izango dute.

Era berean, adineko pertsonak irailaren 29tik aurrera, asteartero, 10:30ean, Kontzeju Txiki plazan dauden ariketa fisikoko makinak erabiltzeko doako aholkularitza zerbitzuaz baliatu daitezke.

Neurriak

Kirol zinegotziak jakin arazi duenez, COVID-19aren aurkako hiru protokolo espezifiko diseinatu dituzte, bata igerilekurako, beste bat haur ekimenetarako eta azkena, lehorreko jardueretako. Parte-hartzaile bakoitzari izena eman duela baieztatu ondoren emango zaio dagokion protokoloa.

"Esate baterako, eremu lehorreko aldagelak ez erabiltzeko gomendioa egiten dugu. Eremu hezekoan, berriz, aldagela erabiltzeko 15 minutu besterik ez dituzte izango," azaldu du Alonsok.

Ezarritako neurriak direla eta, erabiltzaileei bi gauza eskatu dizkie kirol zinegotziak, ulermena eta ardura. "Erabiltzaile eta kirol talde guztiei erantzuteko saiakera egin dugu. Guztion esfortzuarekin posible egingo dugu".

Jardueretako izena ematea martxan da eta eskainitako plazak bete arte ez da itxiko.Edozein jardueratan parte hartu nahi duen pertsonak kiroldegira deitu beharko du, 943 376 182.

"Beldurrarengatik izena emate kopurua jaitsi dela ikusi dugu. Horregatik, herritarrei lasai etorri daitezkeela esan behar diegu. Kiroldegia gune segurua da," adierazi du Alonsok.