Bigarren eskuko ibilgailuen azoka Okendon, ostiral arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 10:56

Europako Mugikortasun Astearekin bat eginez, Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatz enpresak bigarren eskuko ibilgailuen azoka egingo dute ostiral arratsaldean, irailak 25, Okendo plazan, 16:30etik 20:00etara. Patineteak eta bizikletak salduko dituzte soilik, eta parte hartzeko aurrez izena eman behar da, 943 67 02 49 telefonora deituta.

Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatz enpresak bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu dute irailaren 25erako, ostiralez, Okendo plazan. Arratsaldez irekiko dute, 16:30etik 20:00etara.  Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen egitarauko ekintza bat izango da hori, pandemia dela-eta desberdina izango dena ezinbestean: antolatzaileek iragarri dute osasun-neurri bereziak hartuko dituztela.

Azoka-gunearen aforoa "uneoro" zainduko dute: bisita-txandak emango dizkiete herritarrei, 15:00etatik hasita. Bestalde, nahitaezkoa izango da maskara jantzita eramatea. Beste neurri batzuk ere hartuko dituzte: salgai jarriko diren bizikletak eta patineteak desinfektatu egingo dituzte salgai jarri aurretik, izen-emate orriak posta elektroniko bidez bidaliko dituzte, eta abar.

Bizikletak eta patineteak 

Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurtengo azokan bizikletak eta patineteak hartuko dituzte soilik. Norberak saldu nahi duena eraman beharko du azokara eta antolatzaile taldeari utzi. Gordailu-zerbitzua 15:00etatik 16:30era irekiko dute. Prezioek ezingo dute 500 eurokoak baino garestiagoak izan. 

Aurrez hitzordua hartu beharko dute parte hartu nahi dutenek, 943 67 02 49 telefono zenbakira deituta. "Herritarrek aukera paregabea dute bizikleta eta patineteak prezio ezin hobean erosteko", azpimarratu dute antolatzaileek. Saltzen ez diren ibilgailuak jabeei itzuliko zaizkie azoka ixterakoan.