Emaitza ezberdinak Ezker Hormako lehen partidan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 10:30
Intzako senior mailako bikoteak partida gogorra jokatu zuen. Arg.: Txema Valles

Intzako seniorrek ederki hasi dute Ezker hormako txapelketa. Partida landua jokatuz 22-10 garaitu zuten Tartaloetxe. Kadete mailako Intza 1 bikoteak ezin izan zuen Tolosarekin eta nahiz eta partida ez jokatu, Intza 2 bikoteak puntuak lortu zituen 

Ikusleen berotasunik gabe, baina garaipenarekin hasi zuen lehiaketa bigarren senior mailako Intzako bikoteak Ezker hormako txapelketa.

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola Tartaloetxeko Matxinandiarena-Ibañez izan zuen aurrez aurre eta 22-10 gailendu zen.

Nahiz eta emaitza ikusgarria izan, partida gogorra eta luzea, 45 minutu, izan zela adierazi digu Intza kirol elkarteko Jose Felix Solanok.

Herriko pilotariak kontzentratuak atera ziren eta hasieratik izan ziren nagusi. Euren erritmoa ezarri eta 10-1ekoa jarri zuten markagailuan.

Partidaren bigarren zatian, Zegamako bikoteak jokoa parekatzea lortu zuen. Alferrikako lana izan zen ordea, Intzako bikoteak hasierako tartea mantentzen jakin baitzuen, garaipena eskuratuz.

Partida ederra

Intzako bikoteak partida ona egin zuen Intzako arduradunaren hitzetan. "Mikel Elola ziur jokatu zen atzean, akatsik gabe eta egoera menpean izan zuen partida osoan," azpimarratu du Solanok.

Artetxek ere aurrean sendo lan egin zuela aipatu du. "Tanto eta erremate ederrak egin zituen. Mota guztietako tantoak egin zituen gainera, bi paretak, gantxoa, txokora, dejadak..." 

Txanponaren bi aurpegiak

Bigarren kadete mailako bikoteek zorte ezberdina izan zuten. 

Intza 1 bikoteak ezin izan zuen Tolosa garaitu. Jokin Lizaso eta Haritza Diaz de Gereñuk osatutako bikoteak urduri hasi zuen partida. Lizasoren debuta zen kadete mailan eta gainera, Diaz de Gereñuren lehen partida zen atzelari lanetan. 

Tolosako bikotea ederki baliatu zen urduritasunaz partidaren agintea hartu eta markagailuan tartea egiteko. Intzako bikotea lasaitu zenean, indarrak parekatu ziren. Ordurako, tolosarrek garaipena zuten eskuan, 22-9.

Intza 2 bikoteak, berriz, garaipeneko puntuak eskuratu zituen etxetik mugitu gabe. "Arerio batek min hartu zuen eta Ilunpeko kideek partida jokatuko ez zela jakinarazi ziguten," jakitera eman du Intza kirol elkarteko arduradunak.