Herriko euskaltegietan izena emateko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 22a, 10:56

Udal euskaltegian irailaren 23ra arte egin daiteke matrikula, eta Muntteri AEKn, berriz, hilaren 25era arte. Maila eta ordutegi guztietara egokitutako ikastaroen eskaintza zabala egin dute, aurten ere, Lasarte-Oriako euskaltegiek.

Udal euskaltegiko zuzendari Jesus Mari Asurabarrenak gogorarazi du matrikulatzeko epea irailaren 23an amaituko dela, eta, epe horren barruan matrikulatzen diren ikasleek matrikula hamar zatitan ordaintzeko aukera izango dutela. Horrez gain, Gazte txartelaren erabiltzaileek %10eko hobaria izango dute eta beste udal zerbitzuetan bezala, hobaria (%25, %50 edo %75ekoa) edo salbuespena izateko eskubidea duten herritarrek, euskaltegiaren matrikulan ere izango dute.

Eskolak goizez, arratsaldez eta iluntzean izango dira eta maila guztiak eskainiko dituztela ere iragarri dute. Gainera, aurrez aurreko eskoletara joan ezin dutenentzat on-line bidezko autoikaskuntzako eskaintza ere badutela azpimarratu dute. Matrikula egiteko euskaltegira bertara joan behar da, edo 943 36 16 21 telefono zenbakira deitu.

Muntteri-AEK

Muntteri AEK-ko Garazi Zinkunegi zuzendariak ere euren eskolako eskaintzaren berri eman du.Herrian matrikulatzeak abantaila handiak dituela, besteak beste, jendea ezagutzen, herriko harreman-sareetan txertatzen eta herrian egiten diren gauzetan parte hartzen laguntzen duelako.

Euskaltegiko eskaintzari dagokionez, "ordutegi guztietan" eta maila guztiak eskaintzen dituztela gogorarazi du eta aurrez aurreko klaseetara joan ezin dutenentzat autoikaskuntzaren eskaintza ere badutela azpimarratu du. Muntterin matrikulatzeko epea irailaren 25ean amaituko da. Izena emateko  euskaltegira bertara gerturatu behar da, edo 607 62 52 33ra deitu.

Ikastaroei zuzendutako bekak

Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak azaldu du euskaltegietan ikasten aritzen diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezaketela udaletik. Beka horien inguruko zehaztasun eta baldintza guztiak etxebizitza guztietara banatu den diptikoan daudela gogorarazi du, eta jakinarazi, eskaintza berri horri erantzuteko, 2020ko aurrekontua 60.000 eurokoa dela eta irizpide horiekin 2019-20 ikasturtean 146 beka eman berri dituztela.