Pozok, garaipen estua erlojupeko Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 22a, 10:30
Asier Pozo erlojupeko Gipuzkoako txapelketako podiumeko maila gorenera igo zen. Arg.: E.Pozo

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako juniorrek hitzordu garrantzitsua izan zuten igandean, erlojupeko Gipuzkoako txapelketa. Hamabost korrikalarik bakarrik parte hartu zuten eta Asier Pozo herritarra izan zen garailea. Larunbatean, berriz, Haimar Etxeberria bigarren izan zen Segurako sarian

Junior mailako Gipuzkoako sailkapeneko lehen hamabost txirrindulariak batu ziren igandean Alegian Gervais oroimenezko proban parte hartzeko. Horien artean, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako Asier Pozo, Beñat Carbayeda eta Haimar Etxeberria. Aurrean 18 kilometrotako ibilbidea eta Gipuzkoako txapelketa jokoan. 

Lehia gogorra izan zen lehen postua lortzeko. Buruntzazpi eskolako Asier Pozo, Danel Casais eta Enekoitz Azparren izan ziren azkarrenak, bataz beste 44 kilometro orduko eta estu-estu ibili ziren denbora onena egin nahian. Garaipena ordea, Pozo herritarrarentzat izan zen helmuga 24:20ean igarotzean. Casaisek bi segundu gehiago behar izan zituen eta Azparrenek, aldiz, hiru gehiago.

Laugarren postua Buruntzazpiko Beñat Carbayedak lortu zuen. Pozok baino hemeretzi segundo gehiago behar izan zituen gazteak.

Haimar Etxeberria berriz, zazpigarren izan zen. Hala ere, Etxeberriak taldekideek baino kilometro gehiago zituen hanketan, larunbatean Segurako sarian bigarren postua eskuratu baitzuen.

Proban 81 kilometroko ibilbidea egin zuten gazteek eta hirugarren mailako bost mendate eta bigarren mailako bat igaro zituzten. Bataz besteko, 39 kilometro orduko abiadura izan zuen lasterketak.

Enekoitz Azparren izan zen garaile. Ulma taldeko Casaisek hamabost bat txirrindularik osatutako taldetxotik ihes egin zuen, bertan zen Haimar Etxeberria eta bere atzetik Azparren joan zen. Kilometro batzuk elkarrekin egin ostean, erritmoa aldatu zuen Azparrenek. Casais atzean geratu zen eta taldetxoarekin bat egin zuen. Azparrenek bakarrik igaro zuen helmuga eta 53 segundora iritsi zen taldea. Sprintean jokatu zen bigarren postua eta Buruntzazpi eskolako Etxeberria adi ibili zen. Taldetxoari aurre hartu eta zilarrezko postua eskuratu zuen.