Udalak sortu berri diren enpresa txikiei laguntzak eskainiko dizkie

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 21a, 15:10
Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Nuria Fernandez sozioekonomia arloko zinegotzia laguntzen aurkezpenean.

Bosgarren urtez jarraian, Lasarte-Oriako Udalak merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzu pertsonalen arloan lehen pausoak eman nahi dituzten enpresei zuzendutako laguntzak eskainiko ditu. Guztira, 35.000 euro banatuko ditu, hiru lerro ezberdinen bidez. Eskaera epea urriaren 31a arte irekia egongo da

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eta Nuria Fernandez sozioekonomia arloko zinegotziak enpresa berriak sortzeko laguntzen deialdia aurkeztu dute gaur.

Lasarte-Oriako hirugarren sektorea indartu nahi dute deialdi honi esker eta aurtengo deialdia bereziki garrantzitsua dela ere azpimarratu du alkateak. "COVID-19ak eragindako egoerarengatik laguntza horiek oso baliagarriak izango dira. Horregatik, iazko kopurua mantendu nahi izan dugu, 35.000 euro".

Deialdiaren nondik norakoak Nuria Fernandez sozioekonomiako zinegotziak azaldu ditu. 

Laguntza horiek hiru lerro ezberdin izango dituzte:

  • Izaera orokorra: diruz laguntzeko diren gastuen %40a lagunduko da, 1.500 euro gehienez.
  • Izaera partikularra, Eragin Komertzial Maximoko Eremutik kanpo kokaturiko establezimenduak, erretiroagatik eskualdatuak badira edo eskatzaileak gutxienez %33ko desgaitasuna badu: %60ko laguntza gehienez, 1.800 euro arte
  • %33a baino gehiagoko desgaitasuna edo 55 urtetik gorako eskatzaileak: %60ko laguntza, gehienez 2.500 euro

Merkataritza jarduerako enpresak eskatu ahalko dituzte laguntzak, beti ere, deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Horien artean, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra arte sortu izana dago, egoitza soziala eta fiskala Lasarte-Orian egotea edo mikroenpresa izatea, 10 langile baino gutxiago izatea.

Horrez gain, negozioek bideragarritasun programa bat aurkeztu beharko dute. Epea urriaren 31ean amaituko da.

Deialdi horretan eskainitako laguntza ezingo da gastu berarengatik jasotako beste edozein laguntzari metatu Fernandezek adierazi duenez.

Lasarte-Oriako udalak laguntza horiek eskaintzen diren bosgarren urtea da eta beti harrera ona izan dutela azpimarratu du sozioekonomia zinegotziak. "Lehen guztiz amaitzen ziren. Iaz ez ginen guztia banatzera iritsi, baina 30.000 euroren inguruan eman genituen".

Laguntzei buruzko informazioa udaleko webgunean dago eskuragarri, baita 943 376 179 telefonoan edo d.avila@lasarte-oria.eus helbide elektronikoan ere.