COVID-19

Bederatzi positibo erregistratu dituzte Lasarte-Orian asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 21a, 15:04

Irailaren 18tik 20ra arteko datu epidemiologikoen berri eman du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Beterri-Buruntza eskualdean 48 kasu detektatu dituzte, horietatik bederatzi Lasarte-Orian. 

Atzo atzeman zituzten positibo gehien Lasarte-Orian, lau guztira; irailaren 18an, hiru, eta beste bi 19an. Horiekin guztiekin, 126 kasuren berri eman dute gurean irailean zehar. Abuztua izan da orain arteko hilabete aktiboena, 113 positiborekin. Grafika honetan konpara ditzakezue bi hilabeteen bilakaerak:

Esan bezala, Lasarte-Oriako bederatzi kasu horiez gain beste 39 atzeman dituzte eskualdeko gainontzeko udalerrietan. Herriz herri, hauek dira datuak:

  • Hernanin, hogei kasu (hamar ostiralean, zortzi larunbatean eta bi igandean)
  • Andoainen, hamabost (zazpi, sei eta bi)
  • Urnietan, zazpi (ostiralean lau eta larunbatean hiru)
  • Usurbilen, sei (hiru, bi eta bat)
  • Astigarragan, bakar bat ere ez

Kutsatu gutxiago igandean

Osakidetzaren datuei erreparatuta, ikus daiteke kutsatzeak jaitsi egin direla EAEn igandean, irailak 20, bezperako datuekin alderatuta. 387 positibo erregistratu dituzte guztira –larunbatean baino 59 gutxiago–, horietatik 142 Gipuzkoan. 7.316 PCR proba egin dira igandean, bezperan baino 2.044 gutxiago. 

Pertsona gutxiago daude ospitaleratuta koronabirusak jota, 303, baina ZIUn ingresatuta dauden pazienteen kopurua hazi egin da, 57 pertsona baitaude unitate horretan oheratuta (+4). R0 edo birusaren birsortze-tasa hazi egin da apur bat, eta 0,95koa izan da irailaren 20an.